XABIER OLEAGAren deklarazioa

2009ko abenduaren 15a
18:50
Entzun
13:29an hasi da deklaratzen Xabier Oleaga eta 17:18an amaitu du -14:25etan etenaldia egin dute, 16:30ak arte-. Iñaki Uriak egin bezala, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen galderei ez diela erantzungo adierazi du. Hala ere, akusazioko bi aldeak galderak irakurtzen hasi dira. Egunkaria eta ETAri buruzko itaunak izan dira.

Jose Mari Elosua defentsa abokatuak, Uriak egindako tortura salaketei buruz galdetu Oleagari, baina Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak ez dio galdera hori onartu abokatuari; torturei buruz aritzea gai horri buruzko epaiketa paraleloa egitea litzatekeela argudiatu du Bermudezek, auzi honetan torturak egon ziren edo ez aztertzeak ez duela lekurik esan du epaileak eta, beraz, horri buruz ez galdetzeko agindu du.

Egungo egoera

Iñigo Iruin defentsa abokatuaren galderei erantzunez, egun Euskal Herriko Ikastolen Kooperatiban lan egiten duela azaldu du Oleagak.

Atxiloketa eguna eta torturak

Atxiloketa eguna gogoratzeko eskatu dio defentsa abokatuak Oleagari. Etxean atzeman eta lantokia miatzera eraman zutela kontatu du. Ondoren, Madrilera eraman zutela eta hiru egunez izan zutela atxilotuta. "Galdeketa etengabeak izan nituen".

Torturak jasan zituela salatu du Oleagak. Biluztu egin zutela, poliziek inguratu, bera erdian jarri eta batetik bestera bultzaka izan zutela. Atxilotuta izan zutenean kolpatu egin zutela ere kontatu du, eta ariketa fisikoa nekatu arte eginarazi ziotela. Beste batzuen min oihuak etengabe entzuten zituela ere adierazi du, eta oso kezkatuta zegoela; batez ere, Iñaki Uriaren egoeragatik. Auzi medikuei guardia zibilen eskuetan jasandako torturak kontatu zizkiela esan du.

Polizia etxean deklaratu zuen Oleagak. Baina, haren esanetan, ez zuen hala egin nahi. Epailearen aurrean soilik deklaratu nahi zuen. Dena den, guardia zibilek bi galdera erantzunez gero "bakean" utziko zutela esan zioten, eta orduan esan zuen deklaratuko zuela. "1993ko martxoan Egunkaria-n ari zela esatea nahi zuten guardia zibilek eta Uria izan zela ni zuzendariorde izatea proposatu zuena".

=b'Egunkaria'-ren aurretik=b

Egunkaria-n aritu aurretik, Egin-eko zuzendari izan zen Oleaga. Baina "deseroso" zegoen han, haren esanetan. Egin-eko administrazio kontseiluak aldaketak egin behar zirela esana zuen, eta proposatu zuten bidearekin ez zegoen ados Oleaga, aitortu duenez. Ondorioz, zuzendari postua utzi, eta zuzendaritza taldetik kanpo geratu zen. Egin uzteko “gogoz” zegoen, eta 1995ean laga zuen erabat.

Hala ere, erabakia hartu aurretik, bide profesionala aldatzea pentsatua zuen Oleagak. Beste lan mota batean hastea. “Orduan helarazi zidaten Egunkaria-n aritzeko aukera, lehen aldiz”. Eguneroko baten zuzendaritzan izandako esperientzia dela-eta, Egunkaria-k zeukan beharra betetzeko egokia litzatekeela uste zuen. 1995ko otsailean hasi zen Egunkaria-n, erredaktoreburu.

=b'Garikoitz dokumentua’ eta ETArekiko ustezko lotura=b

Poliziek ustez Jose Maria Dorronsoro ETAko kideari atzemandako Garikoitzdokumentua erakutsiarazi du Iñigo Iruin abokatuak, Oleaga bertan aipatzen dela baitiote akusazioek. "Euskarazkoari buruz" dio ustez ETArena den agiriak, eta 'X.O.' aipatzen du. Horrela lotzen du ETArekin akusazioak Oleaga. ETAk Garikoitz ezizeneko norbaiti igorritakoa da delako dokumentu horietako bat, eta Garikoitz-ek ETAri erantzundakoa bestea. Oleagaren esanetan, ez zuen horien berririk atxilotu zutenean. 1993koak dira idatzi horiek, eta Oleaga 1995eko otsailera arte ez zen Egunkaria-n hasi. Ez tarte horretan, ez lehenago, ez gero, ez zuela ETAren agindurik jaso eta ez zela sekula ETAren menpe aritu azpimarratu du.

Guardia Zibilak Egunkaria itxi, bera atxilotu, inkomunikatuta izan eta epailearen aurrera eraman zuten arte ez zuela ETAk ustez berari buruz egiten zituen aipamenen berririk izan ziurtatu du. Hain zuzen ere, epailea galdeketan hasi zitzaionean izan zuela lehen aldiz ustezko dokumentu horien berri.

Abokatuak eskatuta, zenbait dokumentu erakutsi dizkiote Oleagari; horien artean, Iñaki Uriaren izena duen dokumentu bat. 'Uria' izena duen arren, hor agertzen direnak bere hausnarketak direla dio; euskarazko berri agentzia sortzeari buruz 1994 edo 1995ean egindako hausnarketak jasotzen dituela, hain justu.

1993tik aurrera, Egunkaria-n iritzi artikuluak idatzi zituela kontatu du Oleagak, baina horrek ez duela esan nahi egunkariko langilea zenik. Iritzi Sailean idazten dutenak ez direla kazetako langileak izaten ohartarazi du, ez Egunkaria-n, ez beste hedabideetan. Gerora, aldiro, kolaborazioak idatzi izan dituela ere azaldu du. Baina Egunkaria-n lanean ez zela 1993an hasi ziurtatu du; akusazioak dioena ez dela egia, alegia.

Akusazioek Oleagaren aurka egiteko erabiltzen duten beste froga nagusietakoa, bere lantokiko miaketan ETAren Zutabe aldizkariko zazpi ale aurkitu izana da. Oleagak ale horiek bereak zirela onartu du, baina jaso egin zituela. Horiek izan direla jaso dituen Zutabe bakarrak, eta ez dakiela zergatik igortzen zizkioten. Seguruenik, Herri Irratian politikari buruzko kolaborazioak egiten zituelako iristen zitzaion aldizkaria, Oleagaren arabera. Edozein kasutan, berak ez zuela sekula horiek bidaltzeko eskatu adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.