Guardia zibilen deklarazioa

2010eko urtarrilaren 12a
12:27
Entzun
Lehen guardia zibila

(10:38an hasi da deklaratzen eta 10:49ean amaitu)

Martxelo Otamendiren atxiloketan parte hartu zuela adierazi du eta indarkeriarik ez zela izan. Andoaindik -Egunkaria-ren egoitzatik- Madrilerako bidean ere ez zela gertakaririk izan azaldu du.

Miaketan Zutabe ETAren aldizkariak aurkitu zituela adierazi du; Otamendiren lantokiko bulegoan, zehazki. Miaketaren anpliazioa izan zen galdetuta, ezezkoa erantzun du lehen lekukoak.

Bigarren guardia zibila

(10:49-10:56)

Iñaki Uriaren atxiloketan eta trasladoan parte hartu zuen guardia zibila da. Bi kasuetan gertakaririk ez zela izan adierazi du. Tratu txarrengatik inputatu gisa deklaratu zuela aitortu du, atxiloketak izan eta bi urte beranduago.

Hirugarren guardia zibila

(10:57-11:03)

Xabier Oleagaren atxiloketa eta etxearen miaketan parte hartu zuen guardia zibila da. Oleagaren Madrilerako trasladoaz ere arduratu zen. Tortura salaketagatik inputatua izan zela adierazi du, nahiz eta aitortu duen ez dakiela zein den bere egoera judiziala. Miaketan ETArekin lotutako agiririk atzeman zuten galdetuta, ez dakiela erantzun du. Ikastolen Elkartean zer aurkitu zuten ez dela gogoratzen azaldu du.

Laugarren guardia zibila

(11:03-11:04)

Martxelo Otamendiren deklarazio hartzean parte hartu zuenetako bat da. Haren ustez, lesio fisikorik ez zen egon. Otamendirekin harremanetan deklarazio unean soilik egon zela azaldu du.

Bosgarren guardia zibila

(11:05- 11:08)

Iñaki Uriaren atxiloketan parte hartu zuen guardia zibiletako bat da eta gertakaririk ez zela egon esan du. Uriaren tratu txar salaketa dela-eta inputatu gisa deklaratu zuela adierazi du -2005eko udan, hain zuzen ere-.

Seigarren guardia zibila

(11:09-11:15)

Joan Mari Torrealdairen atxiloketan parte hartu zuen eta trasladoaz ere arduratu zen. Dena "normala" izan zela adierazi du. Miaketan ere izan zen, eta “Torrealdairen bulegoan” ETArekin lotutako agiriren bat aurkitu zutela adierazi du. Dokumentu horiek kopiak zirela azaldu du. Jon Jakari zuzendutako ETAren bi gutun ere aurkitu zituela gogoratzen duela gaineratu du.

Zazpigarren guardia zibila

(11:16-11:21)

Joan Mari Torrealdairen atxiloketan parte hartu zuen guardia zibiletakoa da. Haren bulegoan atzemandako dokumentuak apalategietan zeudela esan du. Ustez ETArenak ziren bi gutunei buruz galdetu dio AVTk, eta eskutitzak non zeuden ez duela ongi gogoratzen erantzun du. Torrealdairen defentsak, berriz, dokumentuak nondik hartu zituzten galdetu dio, eta lekukoak ihardetsi du “gela ezberdinetan" aurkitu zituztela.

Zortzigarren guardia zibila

(11:21-11:25)

Txema Auzmendiren atxiloketan gertakaririk ez zela egon dio lekukoak. Auzmendiren trasladoaz galdetuta, “esku-burdinekin, normal" egin zela adierazi du.

Bederatzigarren guardia zibila

(11:27-11:34)

Xabier Oleagaren atxiloketan parte hartu zuen lekukoak eta trasladoa "erabat normala" izan zela adierazi du. Oleagaren tortura salaketagatik inputatua izan guardia zibil hori, eta kasua artxibatuta dagoela uste zuela aitortu du. Euskara ezagutzen duen galdetuta, ezetz erantzun du eta oinarrizko maila duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.