Atxiloketa

Ertzaintzak atxilotu eta Basurtuko erietxean ingresatu zuten gaztea libre utzi du epaileak

Inkomunikatuta zeukaten bitartean antsietate krisia izan zuen defentsa abokatuak agertu zuenez. Edukiontzi batzuen erreketaren harira atxilotu zuten, baina epaileak libre utzi du bart deklarazioa hartu ondoren.

Berria -

2010eko urtarrilak 21
Bilboko Guardiako auzitegian deklaratu ostean, libre geratu da bart Ertzaintzak herenegun iluntzean Bilbon atxilotu eta atzo Basurtuko erietxean ingresatu behar izan zuten gaztea. Defentsako abokatuak atzo arratsaldean BERRIAri agertu zionez, antsietate krisia izan zuen gazteak. Ertzaintzaren arabera, 11:00etan eraman zuten ospitalera eta 19:00etan jaso zuen senda agiria. Halaber, abokatuak salatu du atxilotu zutenetik senda-agiria jaso arte «inork ez» zekiela gaztea non zegoen. «Epaitegiak ere ez zekien ospitalean ingresatua zegoenik». Arestian esan bezala, bart hartu dio deklarazioa epaileak, eta ondoren aske utzi du. Aurpegia estalita zuten zenbait lagunek hainbat edukiontzi erre zituzten herenegun arratsaldean Bilboko Santutxu auzoan. Horren harira atxilotu zuten gaztea; Herrizaingo Sailak, baina, ez zuen zehaztu atxiloketaren arrazoia. Lekukoen arabera, Ertzaintzak «bortitz» jokatu zuen bai gaztearekin, eta bai atxiloketaren berri jakitera joan ziren lagunekin ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna