Politika

Gatazka "politikoki eta modu baketsuan" gainditu behar dela dio Otegik, eta bere egin du Altsasuko agiria

2005ean 'Gatza' presoaren aldeko ekitaldian "terrorismoa goratzea" egotzita epaitzen ari dira gaur ezker abertzaleko kidea Espainiako Auzitegi Nazionalean. "Bat egiten dut ezker abertzalearen barne eztabaidako ondorioekin". Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu atxilotzeko agindua eman du epaileak, ez direlako azaldu auzitegira; biok atzo jakinarazi zuten ez zirela joango. Ixiar Galardi eta Josune Irakulisi dira beste bi auzipetuak. Guardia zibilek esan dute ekitaldiaren "helburua Gatzak ETAn egindakoak goratzea" zela. Bihar jarraituko du epaiketak. =lBERRIA.INFOren zuzeneko kontaketa hemen==http://twitter.com/oihanaelduaien=l.

2010eko urtarrilaren 27a
13:52
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak Espainiako Auzitegi Nazionalean adierazi du Euskal Herriko gatazka "politikoki eta modu baketsuan" gainditu behar dela, eta horixe bera aldarrikatu zuela orain lau urte pasa Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aldeko ekitaldian. Han parte hartzeagatik epaitzen hasi dira gaur Otegi, "terrorismoa goratzea" eta "legez kanpoko bilkura egitea" egotzita.

"Nire egiten dut Altsasuko agiria, eta bat egiten dut ezker abertzalearen barne eztabaidako ondorioekin", adierazi du, halaber,, eta "prozesu demokratikoa" egin behar dela. "Herritarren gehiengoak erabakitzen duena onartzea da eskenatoki demokratikoa. Ezker abertzaleak hala egingo du". Prozesu horretan euskal presoek ere parte hartu behar dute, Otegiren ustez.

Ondoren, Angela Murillo epaimahaiburuak hari: "ETAren indarkeria irmoki gaitzesten duzu?". Otegik: "Ez dut erantzungo". Murillok: "Ez duzu erantzungo? Nik banekien hori".

Azaroaren 14an aurkeztu zuen ezker abertzaleak Altsasuko agiria -ordurako preso zegoen Otegi-. Euskal Herriko estatua eraikitzeko bideak "prozesu politiko baketsu eta demokratikoa" izan beharko duela dio agiriak, "indarkeriarik eta esku-hartzerik gabe" garatu beharko dela, "soilik bitarteko politiko eta demokratikoak erabilita"; ezker abertzaleak iragarri du horren aldeko apustua egina duela -"alde bakarreko erabakia da"-.

Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu ez dira azaldu

Gauza bera leporatuta, Jon Enparantza, Estanis Etxaburu, Ixiar Galardi eta Josune Irakulis dira beste lau auzipetuak. Atzo iragarri zuten bezala, Enparantza eta Etxaburu ez dira azaldu epaiketara, eta Angela Murillo epaileak biak atxilotzeko agindua eman du. Defentsa abokatuak epaiketa bertan behera uzteko eskatu dio, baina ez du eskaera aintzat hartu.

Madrilera joan ez diren biek atzo salatu zuten Auzitegi Nazionala "Euskal Herriaren zapalkuntzaren tresna" dela eta ez daukala zilegitasunik euskal herritarrak epaitzeko. Gatzak oraindik ere preso jarraitzen duela gogoratu zuten Enparantzak eta Etxaburuk, eta hari "bizi osoko zigorra" ezarri diola Espainiako Justiziak.

Galardiren eta Irakulisen deklarazioak

Galardik gaur epaileari esan dio Gatzaren askatasuna eskatzeko asmoz joan zela Zornotzako ekitaldira, eta beste presoen eskubideak betetzeko ere eskatu zuela.

Irakulisek azaldu du 2005eko ekitaldi hartan Zornotzako elkarteak batu zirela antolaketa lanean, "20-30 talde, kirolakoak, abesbatzak, ingurumenaz arduratzen direnak, sukaldariak... denetik; baina inolaz ere ez ezker abertzalekoak". Udalak Gatzaren askatasuna askotan eskatu izan duela gogoratu dio Irakulisek epaileari. Honek: "Zergatik eskatu zenituen zuk baimenak?". Irakulisek: "Lau urtez zinegotzi izan nintzen, eta udaletxeko funtzionamendua ezagutzen dut". Baimen denak lortu zituztela ere adierazi du.

Polizien deklarazioak

Polizia batek deklaratu du ekitaldian "presoa goratu" zutela, eta kartel batzuetan Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Batasunaren ikurrak zeudela -biak legez kanpo zeuden ordurako-. Guardia zibilek nabarmendu dute ekitaldiaren "helburua Gatzak ETAn egindakoak goratzea" zela. Lekuko gisa mintzatu dira.

Defentsako abokatuak zalantzan jartzen ari dira ekitaldiari buruz txostena egiteko Poliziak erabilitako moduak, fidagarriak ez direlakoan.

Murilloren erantzuna Otegiren gose greba dela-eta

Otegi preso dago gaur egun, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) deitutako gose greba jarraitzen ari da. Hori dela-eta Otegik ura edaterik ba al daukan galdetu dio Jone Goirizelaia defentsa abokatuak Murillori. "Ardoa edaten badu ere niri bost", erantzun du epaileak.

Bihar segituko du epaiketak

13:35ean bukatu da gaurko saioa, eta bihar jarraituko du, defentsaren lekukoekin. Auzitegiko iturri batzuen arabera, epaiketa bihar amaitu daiteke.

29 urtean preso

Gatzak 29 urte daramatza preso, eta duela lau urte hura aske uzteko eskatzeko ekitaldia egin zuten Zornotzan (Bizkaia), kartzelan 25 urte bete zituela-eta -1995ean bete zituen espetxealdiaren hiru laurdenak-.

Ekitaldian parte hartu zutelako auzitara eraman dituzte aipatutako bostak. Otegik, Enparantzak eta Galardik hitza hartu zuten ekitaldian, Etxaburuk bertarako deia egin zuen eta Irakulisek ekitaldirako zein ondoren egindako manifestaziorako baimenak eskatu zituen udaletxean. Otegirentzat hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eta hamalau urteko inhabilitazioa eskatu du Fiskaltzak, eta beste laurentzat hamabost hilabeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren baimen guztiak zituen ekitaldiak. Ermuko Foroak, baina, kereila jarri zuen, ekitaldi hartan "terrorismoa goratu" zela iritzita. Fernando Andreu epaileak iazko azaroaren 25ean kaleratu zuen auzipetze autoan esaten denez, "terrorismoa goratu" zuten aipatutako bostek.

Angela Murillo da epaimahaiburu eta, Fiskaltzaz gain, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justiciak ere egingo dute akusazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.