Ekonomia

Erretiro adina atzeratzea ez ezik alarguntasun pentsio batzuk kentzea proposatu du Espainiako Gobernuak

Halaber aurrejubilazioei baldintza gogorrak ezarriko dizkie. Elena Salgado Ekonomia ministroaren arabera aldaketa horiek ezinbestekoak dira pentsio sistemak iraungo badu.

Berria -

2010eko urtarrilak 29
Egungo pentsio sistemaren erreformarako hainbat ekimeni oniritzia eman die gaur Espainiko Gobernuko Ministro Kontseiluak, hala nola, erretiratze adina luzatzeko proposamenari. Egitasmo horren arabera, 65 urtetik 67ra atzeratuko litzateke erretiroa hartzeko adin ofiziala. Bi urte horien luzatzea piskanaka egingo litzateke: 2013an hasita urtero bi urtez luzatuko litzateke erretiro adina, 2025ean 67 urtetan finkatu arte. Baina horrez gain beste asmo batzuk ere agertu ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen gobernuak. Esate baterako, bizi osoko alarguntasun pentsio batzuk kentzea proposatzen du, "elkarbizitza laburra eta seme-alabarik ez den kasuetan". Elena Salgado ministroaren arabera, Europako beste herrialde batzuetan eredu hori erabiltzen dute, gaur egun "familia buru eta euskarri" figurari eustea atzerakoia dela iritzita. Era berean, aurrejubilazioei muga zorrotzak ezartzeko neurriak proposatu ditu Gobernuak. Orain eragileekin eta alderdiekin ados jarri beharko dira proposamenak aurrera atera ahal izateko.