Neguko Olinpiar Jokoak

Entrenamenduan hildako Kumaritashvili gogoan hartuta hasi dira Vancouverko Jokoak

Hain zuzen ere, heriotza horrek ilundu du inaugurazio ekitaldi koloretsua. Paul de la Cuesta donostiarrak gaur izango du Olinpiar Jokoetako estreinaldia, eski alpinoko jaitsiera proban.

Berria -

2010eko otsailak 13
60.000 lagun batu dira Vancouverko BC Place kiroldegi handian, Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian, eta saio ikusgarriaren lekuko izan dira: izarrez betetako ortzea, poloko hartzak, indigenen tradizioak... guztiak irudikatu dituzte dantza, musika eta ikusgarrien bidez. Hainbat arlotako kanadiar ezagunek parte hartu dute, hala nola, Donald Sutherland aktoreak edo Bryan Adams musikariak. Halaber, Leonard Cohen kanadiarraren =iHallelujah=i izan da entzun den kantuetako bat. Eta hori guztia, amaieran, olinpiar sua pizteko, eta horrekin batera, Neguko Jokoak abiatzeko. Hain zuzen ere, une horretan gertatu da hasiera ekitaldiko akats bakanetakoa, lau izotz kandela erraldoik eusten baitiote suaren ontziari, eta lauretatik bakarra atera baita lurpetik aurreikusi bezala. Hori ekitaldiko akatsa izan da, baina berez ospakizunak zuen kolorea beste gertakari batek apaldu du: Nudar Kumaritashvili kirolari georgiarraren heriotzak. Izan ere, 21 urteko gaztea hil egin zen atzo, lugean (buru gorako lera) leihatzeko prestatzen entrenamenduan ari zela. Azken bihurgunean pistatik atera zen 140 kilometroko abiaduran. Kumaritashvili gogoan, Georgiako taldekoak soinean xingola beltza dutela atera dira desfilean, eta ikusleek txalo zarta handiekin eta hunkidura bereziz hartu dituzte. Gainera, olinpiar bandera eta Kanadakoa masta erdira jarri dituzte. Gainerakoan, gaur hasiko dira lehendabiziko probak, besteak beste, eski jauziko banakako lehiaketa eta eski alpinoko jaitsiera jokatuko dira. Bigarren proba horretan Pau de la Cuesta donostiarrak parte hartuko du, eta, horrenbestez, estreinaldia egingo du Olinpiar Jokoetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna