POLITIKA

Ezker abertzaleak dio ez dela unea NaBain sartzeaz hitz egiteko

Txentxo Jimenezek (Aralar) egin dio eskaintza, baldintza gisa jarriz "biolentzia era guztien gaitzespen agerikoa" egitea. Ezker abertzaleak urduri ikusten du Aralar. "Nafarroak sakoneko aldaketa politiko eta soziala behar du. Eta horrek ezin du egon alderdi interes jakinen menpe".

Berria -

2010eko otsailak 26
Arrakastarik apenas izan du Aralarrek ezker abertzaleari egindako eskaintzak. Aralarren Nafarroako koordinatzaile Txentxo Jimenezek Nafarroa Bai koalizioan sartzea eskaini dio ezker abertzaleari. Hark, ordea, horretarako unea ez dela erantzun du. "Ezker abertzalearen estrategia politikoak ez du erdigunetzat hauteskunde lehia. Uste dugu egungo errealitate politikoak hausnarketa behar duena oinarrian, eta ez forman". Ezker abertzaleak urduri ikusten du Aralar, eta lasaitzeko eskatu die. "Ez ditugu ulertzen eta partekatzen unean uneko proposamenak, ez diotenean erantzuten analisi sakonari eta aldaketa ekartzeko giltzari". Ezker abertzaleak adierazi du badakiela aldaketa behar dela Nafarroan, baina hori patxadaz eta ganoraz egin nahi du. "Nafarroak sakoneko aldaketa politiko eta soziala behar du. Eta horrek ezin du egon alderdi interes jakinen menpe". NaBaiko bazkide Batzarrek ere ez du ongi hartu proposamena. Ioseba Ezeolazak adierazi du oraindik "zalantzan" daudela giza eskubideak Euskal Herrian, eta, horiek horrela, NaBaik ezin duela ezker abertzalea bere baitan hartu. "Batasunak ez du egin etikoki eta politikoki eskatu beharreko gutxieneko bidea", esan du Ezeolazak. Ezeolazak gainera kezka agertu du eskaintza egiteko moduaz. Haren arabera, atzoko bileran Aralarrek ez zuen ezer esan proposamenaz, eta gaur agiri bidez egin du eskaintza. "Arazoa dago: edo ez dira serioak NaBairen exekutibarekin, edo proposamena ez da serioa". Aralarren eskaintzak eta hura egiteko erak NaBairen irudiari kalte egingo ote dion beldur da Ezeolaza. "Ez gaitu barne egoera txarrean uzten, badaudelako gai larriagoak. Baina irudi publiko eta politiko txarra utzi digu". =bProposamena=b Ezker abertzalearen agiriaren ondotik egin du eskaintza Jimenezek. "Koalizioak zabalik jarraitzen du, eta Batasunak ez du izan behar gainerako alderdiek onartu ditugun eskakizunak baino handiagorik". Jimenezen arabera bi dira koalizioko partaide izateko eskakizun nagusiak: "Giza eskubideen defentsa dudagabea, eta biolentzia era guztien gaitzespen agerikoa". Koalizioan sartzeko eskaintza eta balizko polo subiranista desberdindu nahi izan ditu Jimenezek. "Aralarrek uste du Batasuna NaBai-n sartzea ez litzatekeela nahasi behar Polo Subiranistarekin". Nafarroaren berezitasuna nabarmentzen baitu Aralarreko ordezkariak. "Aukera horrek esan nahi du Nafarroaren errealitate berariazkoa onartzen dela eta horren arabera jokatzen dela". "NaBai handitzea edo aldatzea ulertu behar da etorkizunean izan daitekeen egoerara egokitzeko apustu gisa, Nafarroako politikagintza aldatu beharraren garrantzia indartuz eta koalizioaren izaera irekia onetsiz".