Desagerpena

Jon Anzaren gorpua agertu dela zabaldu du France 3k; familiak frogak eskatu ditu

Telebista katearen arabera, preso ohiaren gorpua Okzitaniako Tolosako gorputegian dago. Iazko apirilaren 18an desagertu zen. Polizia iturrien arabera, Tolosako karrika batean konortea galduta aurkitu, erietxe batera eraman, eta astebeteko epean hil zen. Ordutik, gorputegian egon bide da hilotza. Familiak frogak eskatu ditu. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan du kasua "zuhurtasunez" hartzeko.

Berria -

2010eko martxoak 11
France 3 telebista kateak gaur 18:45eko albistegian jakinarazi duenez du Jon Anza euskal preso ohiaren gorpua aurkitu dute Tolosan (Okzitania), gorputegian. Polizia iturrietan oinarritu du France 3k informazio hori, eta azaldu dute, apirilaren 18an iritsi zela Anza Tolosara. Han, karrika batean konortea galdu, erietxe batera eraman, eta astebetera hil egin zen aipatutako iturrien arabera. Ordutik, gorputegian egon dela diote, harik eta orain identifikatu duten arte. Buruan kolpe bat izango luke gorpuak. Nolanahi ere, familiak sineskaitz hartu du albistea. Hain zuzen ere, Tolosan dituzten abokatuek adierazi diete ez dagoela gorpua Anzarena dela ziurtatzerik, eta frogak eskatu dituzte. Azterketa gehiago eta berriak eskatuko dituztela aurreratu dute. Bihar goizean abiatuko dira Tolosara. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) arratsean jakinarazi du Frantziako Poliziak 17:30ean Anzaren familiari deitu diola, esanez preso ohiarena izan daitekeen gorpua agertu dela Tolosan. "Harekin kointziditzen duten hainbat osagai" daudela adierazi dio Poliziak, baina esan dio froga guztiak amaitu arte ezin dela baieztatu gorpua harena den edo ez; familiari iragarri dio bihar goizean argituko diotela hori. "Poliziak familiari bihar arte ezer ezin ziurtatu diotela adierazi ondoren, komunikabide handien bidez lau haizetara zabaltzen ari dira Jonen gorpua agertu dela. Salatzekoa da hori. Informazioon aurrean zuhurtasunez jokatzeko dei egiten dugu, familiari eta abokatuei ezer baieztatu arte", esan du AAMk. =bUrtebete desagertuta=b Apirilaren 18an urtea beteko da Anza (Donostia, 47 urte) desagertu zenetik. Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari iazko apirilaren 18an neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, egun hartan hitzordua zeukala Tolosan, baina ez zela azaldu. Kasu hori gerra zikinaren "ondorio latzena" dela adierazi izan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). "Espainiako Gobernuak bultzatzen duen eta Frantziakoak laguntzen duen gerra zikinaren jomuga izan dela argi baiezta dezakegu". Baionako Fiskaltzak ikerketa abiatua du, eta "hipotesi mahai gainean" dituela esana du. 1982tik 2002ra artean preso egon zen Anza, ETAko kidea zela leporatuta. Duela bi urte buruan tumorea sortu zitzaion. Apirilaren 17an kasua salatzeko nazio manifestazioa eginen dute Donibane Lohizunen (Lapurdi), Non da Jon? plataformak deituta. 17:00etan hasiko da, Luis XIV.a plazatik

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna