Politika

Jon Anzaren desagerketari buruzko Rubalcabaren hipotesia errefusatu du Baionako fiskalak

Anne Kayanakisek erran du ETAko militanteak ez zuela diruarekin ihes egin. Gorpua harena dela baieztatu du, eta “heriotza naturala” izan zuela. Hala ere, gertatutakoa ikertzen segituko duela adierazi du.

Berria -

2010eko martxoak 12
Anne Kayanakisek ez du ontzat eman Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren hipotesia. Rubalcabak zioen ETAri eman beharreko diruarekin ihes egin zuela Jon Anzak. Kayanakisek halakorik ukatu du gaur arratsaldean egin duen agerraldian. Hala ere, gainerako “hipotesi guztiak zabalik” daudela erran du, eta Anzari gertatutakoa ikertzen jarraituko duela. Lehenik eta behin, gorpua ETAko militantearena dela baieztatu du, eta “heriotza naturala” izan zuela. Gertaeren honako kronologia eman du: 2009ko apirilaren 29an, Tolosako Estrasburgoko Etorbidean (Okzitania) aurkitu zuen bizilagun batek Anza, konortea galduta. Larrialdi zerbitzuek artatu eta Purpan ospitalera eraman zuten, baina ez zuen konortea gehiago berreskuratu. Maiatzaren 11n hil zen, bihotzekoak jota, Kayanakisen kontakizunaren arabera. Auziaren argi-ilunak hil ondorengo egunetan ikusi ditu Baionako fiskalak. Hark dioenez, Anzaren familiak maiatzaren 15ean paratu zuen salaketa, eta hilaren 18an izan zuen berak horren berri. Bi egun beranduago, Tolosako ospitale eta gorputegiak galdekatu zituzten haren berririk bazuten jakiteko, eta ekainaren 4an ezezko erantzuna jaso zuten, haien artean Purpanetik. Kayanakisek adierazi du egun horietan gertatutakoa ikertzen jarraituko duela, eta “hipotesi guztiak” irekita daudela. Kazetariek Rubalcabak errandakoari buruz duen iritzia galdetu diotenean, ordea, halakorik gerta zitekeenik ukatu egin du. Tolosako gorputegiko hilotza Anzarena zela nola jakin duten ere azaldu du Baionako fiskalak. Haren arabera, Medikuntza Institutuko funtzionario batek lagun zuen polizia bati komentatu zion Purpanen identifikatu gabeko hilotz bat zegoela, eta polizia horrek ikerketa abiarazi zuen. Azkenean, hatz marken bidez jakin zuten Anzaren gorpua zela, Kayanakisek kontatu duenez. Aurkitu zuten unean Anzak gainean zeramatzan gauzak zeintzuk ziren ere jakinarazi du fiskalak. Trenean bidaiatzeko bi txartel zituen, Baiona eta Tolosa artekoak. Bata joanekoa zen, apirilaren 18ko datarekin -orduan ikusi zuen familiak Anza azkeneko aldiz-, eta bertzea, berriz, itzulikoa, apirilaren 20ko datarekin. 500 euro ere bazeramatzan gainean, baina ez zuen inolako identifikazio agiririk, Kayanakisen arabera. =bAutopsiaren zain=b Autopsia heldu den astelehenean eginen diote gorpuari, fiskalak jakinarazi duenez. Ordura arte, Anzaren familiak hura ikusteko “eskubiderik” ez duela erran du Kayanakisek. Gaur bertan salatu du AMMk ez diotela utzi sendiari gorpua ikusten. Horretaz gain, konfiantzazko medikuari autopsian parte hartzen ez diotela utzi salatu du, baita ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna