Erreakzioak

2010eko martxoaren 16a
18:44
Entzun
IƱigo Urkullu (EAJ). "Egon diren akatsak argitzeko exijitzen diogu Frantziari. Gauza ilunak daude, eta Baionako fiskalak berak aitortu du akatsak egin direla".

Andoni Ortuzar (EAJ). "Frantziako Estatuak lehenbailehen argitu behar du kasua. Bitartean, susmoak egongo dira. Zerbait arraroa gertatu dela garbi dago. Guk ulertzen dugu Jon Anzaren sendiak zalantzak izatea eta egia eskatzea".

Ezker abertzalea. "Ezker abertzaleak ez du zalantzarik Jon Anzaren desagerpena eta heriotza guda zikinaren ondorio direla. Gogorarazi beharra dago haren desagerpena Espainiako poliziek hainbat euskal herritar mugaren bi aldeetan bahitu izan zituzten testuinguruan kokatzen dela. Rubalcabak egin beharko lukeena 2009ko apirilaren 18tik 29ra Jon Anzarekin zer egin zuten argitzea da. Rubalcaba berak eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ondotxo dakite zer jazo zen egun horietan, eta horixe da bertsio ofizial sinesgaitz honekin estali nahi dutena. Gertaerak aztertuz, oinarririk badago GAL sortu eta gidatu zuen 'X Jauna' Jon Anzaren desagerpen eta heriotzaren atzean dagoen 'X Jaun' berbera dela pentsatzeko".

Hamaikabat. "Jon Anzaren desagerpenaz eta heriotzaz emandako bertsio ofiziala sinesgaitza da. Kasu honek konfiantza instituzionala ezbaian jartzen du. Ikerketa zorrotza egin eta informazio gardena eman dezatela".

Brian Currin (gatazka prozesuetan bitartekaria). "Ezker abertzaleak indarkeria ez erabiltzeko konpromisoa hartu du, baina konpromiso hori denek hartu behar dute, gobernuek barne. Jon Anzari apirilaren 18tik 29ra artean zer gertatu zitzaion jakiteko pausoak ez badira ematen, euskal herritarrek pentsatuko dute poliziak daudela kasuaren atzean, nahiz eta agian ez izan horrela. Beraz, oso garrantzitsua da batzorde independentea sortzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.