Jon anza auzia

Kalera atera dute Anzaren heriotzaren salaketa

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin ditu ekitaldi horiek, baina Donostian, esaterako, manifestazioa egin dute. Espainiako Fiskaltzak iragarri du ETAko kidearen heriotza segurtasun indarrei egozten dienen kontra egingo duela.

Berria -

2010eko martxoak 18
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin ditu Jon Anzaren heriotza salatzeko AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaurko antolatutako ekitaldiak, baina AAMk deialdiari eutsi dio, eta kalera eraman du salaketa. Esaterako, Donostian berrehun bat lagunek manifestazioa egin dute Gros auzoan, Ertzaintzari izkin eginez. Izan ere, Askatasunaren Hiribidean zegoen deituta protesta ekitaldia, baina, esan bezala, azkenean Grosen egin dute. Askatasunaren Hiribidean nabarmena zen Ertzaintzaren presentzia. Manifestariek Anzaren aldeko eta segurtasun indarren aurkako oihuak egin dituzte, eta Nafarroako Etorbidera iristean =iEusko gudariak=i abestu, ekitaldia amaitutzat eman eta inolako arazorik gabe sakabanatu dira. Era berean, AAMk jakinarazi du espetxeetan ere Anzaren heriotza salatzeko borroka eguna egiten ari direla; itxialdiak eta baraualdiak egiten ari dira hainbat kartzelatako presoak. Nolanahi ere, Espainiako Fiskaltzak jakinarazi du Anzaren heriotza segurtasun indarrei egozten dienen kontra egingo duela, hain zuzen ere, "irainak" leporatuta. Rubalcabak astelehenean iragarri zuen lege neurriak hartuko zituztela halako adierazpenak egiten dituztenen kontra, eta joan den igandean Donostian egin zen manifestazio ondorengo mintzaldiak aipatu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna