jon anza auzia

Jon Anza apirilaren 18an Tolosara heldu zela ziurtatu du Baionako fiskalak

Anne Kayanakisek gaur emandako beste datu baten arabera, euskal militante ohia Baionako tren geltokitik arropa batzuekin atera zen eta apirilaren 29an aurkitu zutenean beste batzuekin zegoen. Prokuradoreak atzo helarazi zion kasua Tolosakoari, eta honek orain instrukzio epailea izendatuko du.

Berria -

2010eko martxoak 19
Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak datu garrantzitsu bat jakinarazi du gaur arratsaldean: Jon Anza iazko apirilaren 18an Baionako tren geltokitik abiatu eta aurreikusia zuen heldulekura iritsi zela; hots, Tolosara (Okzitania, Frantzia). Anzak joan-etorriko txartelak hartu zituen, eta bi egunera zen itzultzekoa. Ez zen bueltatu; apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean, osasun egoera txarrean. Purpan erietxeara eraman zuten eta maiatzaren 11n hil zen. Harrezkero Tolosako gorputegian dago. Kayanakisek Anza apirilaren 18an hartan Tolosan zela ziurtatu duen arren, ez du esan nola jakin duten hori. Ikerketa sekretupekoa dela esan du Baionan hedabideen aurrean egindako agerraldian. ETAk iazko maiatzean ohar baten bidez jakinarazi zuen Anza erakundeko kidearekin Tolosan bertan hitzordua zeukala apirilaren 18an eta hau ez zela agertu. Espainiako eta Frantziako estatuei egotzi zien desagerpena. Beste datu bat ere ziurtatu du Baionako prokuradoreak gaur: euskal militante ohia Baionako geltokitik atera zenean arropa batzuekin zen eta apirilaren 29an aurkitu zutenean beste batzuekin zegoen. Horretaz gain, motxila batekin abiatu zen eta Tolosan ez zeukan motxilarik. Anzaren neska-lagunak airtortu du ez dakiela bikotekideak zer zeukan bizkarreko zakuan -honek ikusi zuen hura azkeneko aldiz Baionako geltokian-. Kayanakisek atzo igorri zion Michel Valet Tolosako Epaitegiko fiskalari auziari buruzko dossierra, eta dagoeneko auzitegi horren esku dago ikerketa. Valetek orain instrukzio epaile bati emango dio gaia eta, honek ikerketa abiatzen duenean, Anzaren sendiak informazioa jasotzeko aukera izango du, parte zibil gisa. Tolosako gorputegian dago oraindik Anza euskal preso ohia, eta lehen autopsian -lehengo astelehenean- familiaren konfiantzazko medikuari ez zioten parte hartzen utzi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna