Herri kirolak

Joxemari Mendizabal aizkolaria hil da, ondoezik zegoelako Olasagastiren kontrako apustua utzi ondoren

Etxera bidean autoan zihoala zendu da, agi denez, bihotzekoarekin. 63 urte zituen aizkolari adunarrak. Hirugarren enborrean erretiratu da, alditxartuta zegoelako.

Berria -

2010eko martxoak 28
Apustua jokatu dute gaur eguerdian Tolosako (Gipuzkoa) zezen-plazan Joxemari Mendizabal zenak eta Joxemari Olasagastik. Zutikako launa enbor kanako erdibitu behar zituzten, baina hirugarrenarekin ari zela, proba uztea erabaki du Mendizabalek, ondoeza sentitu duelako. Aldageletara joan eta kamamila hartu du. Haren hurbilekoen arabera, hobeto sentitu da orduan, eta etxerako bidea hartu du auzoan, beste lagun bat gidari zuela. Hain zuzen ere, Tolosatik Aduna aldera zihoazela larriago sentitu da nonbait aizkolaria, eta geratzeko eskatu dio gidariari. Kanpora irtetzen hasi, eta ziplo erori da lurrera, agi denez, bihotzekoak jota. Larrialdi zerbitzuetako kideak aizkolaria suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu. 15:00ak aldera baieztatu dute hil egin dela. Mendizabalek 63 urte zituen, eta aizkolari handia izan da. Esan bezala, gaur zutikako launa enbor kanako erdibitzea zen Olasagastiren aurka hartutako lana. Olasagastik 4 minutuko abantaila emana zion Mendizabali. Bakoitzak 6.000 euro zeuzkan jarrita jokoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna