mundua

Poloniako presidentea hil da, hegazkin istripuan

Lech Kaczynskik Errusian izan du ezbeharra. Azken berrien arabera, 96 bidaiari zihoazen eta denak zendu dira. 2005etik izan da gobernuburu. Haren emaztea, Poloniako Atzerri ministrordea, armadaburua edota banku zentraleko presidentea ere hil dira. (bideoko irudiak, Errusiako telebistarenak dira).

2010eko apirilaren 10a
19:07
Entzun
Lech Kaczynski Poloniako Gobernuko presidentea hil egin da gaur, bera zihoan Tupolev 154 hegazkinak Errusian istripua izanda. Smolensk-eko aireportura gerturatzen ari zirela izan dute ezbeharra, Errusia mendebaldean. Errusiako Larrialdi Ministerioak emandako azken berrien arabera, 96 bidaiari zihoazen; denak hil dira.

Kaczynskiren emaztea, Andrzej Kremer Poloniako Atzerri ministrordea, armadaburua Slawomir Skrzypek banku zentraleko presidentea ere bazihoazen, Piotr Paszkowski Poloniako Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan duenez.

Poloniako Atzerri Ministerioak dio behe-laino handiaren ondorioz eduki duela istripua hegazkinak. "Zuhaitz batzuk jo ditu", adierazi du Paszkowski bozeramaileak. Su hartu du ondoren. Katyn herrira zihoazen, SESBek 1940an hildako milaka poloniar militarrak omentzera. Biktimen senide batzuk ere hegazkinean zeuden.

1949an sortu zen Kaczynski, Varsovian, eta 2005etik izan da Poloniako lehendakari, Presidentetzarako bozak irabazita %54ko babesa jasota. Legea eta Justizia alderdi kontserbadoreko kidea zen. 2007ko Legebiltzarrerako hauteskundeak galdu egin zituzten -PO Plataforma Zibikoa izan zen garailea, Donald Tusk zela buru-. Abortuaren, eutanasiaren eta sexu bereko bikoteen aurkako politikak bultzatzen ditu alderdiak, besteak beste. Iazko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan gora egin eta hamasei ordezkari lortu zituen.

Lehen ministroak gobernuaren bilera deitu du

Donald Tusk Poloniako lehen ministroak gobernuaren premiazko bilera deitu du ezbeharraren ondoren.

hango Konstituzioaren arabera, Brolislaw Komorowski Parlamentuko buruak hartuko du Presidentzia kargua behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak