Auzipetuen gaurko agerraldiko adierazpena

 

Berria -

2010eko apirilak 13
Denok ezagutzen duzue berria: EGUNKARIA KASUAN AUZIPETUOK ABSOLBITU EGIN GAITUZTE. Pozik gaude. Pozik daude gure etxeetan, gure familiak. Zama handia geneukan gainean eta arindu egin da. Epaiketa joan den moduan, espero zitekeen emaitza hau. Fiskalak berak, 2006tik mantendutako jarrerari eutsiaz, absoluzioa eskatu zuen. Gure abokatuek sekulako defentsa egin zuten. Guardia Zibileko perituen gabeziak eta arbitrarietateak ageri nabarmenean geratu ziren. Tortura eta hauen eragina ukaezinak bilakatu ziren. Auzitegi Nazionalaz ari gara eta handik edozein gauza espero behar da, batez ere kalterako bada, eta jarrera prebentiboan ginen. Baina espero zitekeen emaitza hau, eta iritsi egin da. Pozik gaude. Ospatzeko modukoa da. Zinez, ospatuko dugu. Gero esango dizuegu zerbait horretaz. Eta garaipena? Garaipena ere bada?, galdetzen diogu geure buruari. Absolbitu egin gaituzte, bai, baina amesgaizto honetan sartu ere Audientzia Nazionalak sartu gintuen … Eta nolako zazpi urteak izan diren! Konturatu garenez, bestalde, sozialki oso barneratuta dago pertzeptzio hau atzo ezagututako epaiaren aurrean. Ez diogu poz hori ukatuko euskal gizarteari, bere baitan hala barneratu badu. Beti ere kontuan hartuta, besteak beste, auzia oraindik itxi gabe dagoela, pieza ekonomikoa oraindik hor dagoela, akusazioak Entzutegi Gorenarena urrean aurkez dezakeen balizko helegitea ere hor egon daitekeela. Esan dezagun, bada, garaipena, kontuan hartuta auzi honen jatorriko bultzada politikoan daudenek indar handia daukatela, eta ez direla eurenarekin atera, kasu honetan. Zazpi urtean mantendu gaituzte zalantza ilunean eskegita, etorkizun ilunagoaren mehatxupean. Atxilotu egin gintuzten, inkomunikatu, torturatu, gutariko batzuk espetxeratu, kalean baldintzatuta, gu geure eta familien jardun arrunta kamustuta, bizitzera behartu gaituzte … eta akusatuen aulkiaren zigorpean zazpi urte luzean mantendu gaituzte. Baina epai zigortzailea behar zuten Auzitegi Nazionalean eta ez dute lortu. Aurreko guztia justifikatzeko eta etorkizunera begira euskalgintza soziala kriminalizatzeko jurisprudentziari bide egingo zion epai zigortzailea behar zuten, eta ez dute lortu. Egunkaria birrindu nahi zuten eta lortu zuten, bai, baina lehenengoaren errautsetatik BERRIA sortu zen. Hura bai sekulako garaipena. Rubalcaba ministroak 18/98 auziaren epaiaren harira (2009ko uztailean, Gorenak emandako horretan) esan zuen epaileek arrazoia eman diotela tesi polizialari. Bada, Egunkaria auzian epaileek, Audientzia Nazionaleko bertako epaileek ere, eta denok dakigu han zer dagoen, ez diote azkenean arrazoia eman Guardia Zibilaren tesiari. Ez Guardia Zibila eta ez 2003an Estatu espainolaren agintean zeudenak ez dira eurenarekin atera oraingoan. Pozik gaude, beraz. Izan ere onuradun nabarmena dauka epaiak: Gu geu. Baina protagonista nabarmena ere bai, merituari erreparatuta: EUSKAL GIZARTEA. Euskal gizarte zabal, anitz, aktiboa. Eta berarekin batera Euskal Herritik kanpo ere bere kontzientzia kritikoa azaleratu duen oro. Bereziki gogoan daukagu Kataluniako jendarte zabala. Askotan esan dugun moduan, hangoak bagina bezala hartu gaituzte eta egon dira gurekin kataluniarrak. Gogoan dauzkagu Madrilen bertan, guztiz korrontearen kontra, gure alde jardun duten lagunak ere. Manifestazioak ilegalizatu dizkiete, iraindu dituzte … baina hor egon dira, elkartasun beroan. Ez ditugu ahaztuko Madrilgo lagunak. Protagonista, Euskal gizarte zabala, genioen. Norbanakoak, instituzioak, erakunde sozialak, sindikatuak, alderdi politikoak, euskalgintza oro har, komunikabidetako profesionalak … Euskal gizarte zabalaren jarrera beroak urtu du, birrindu egin du, kasu honen jatorrian zegoen bultzada politikoa, eta epaileen aurrean bilutsik utzi du auzia, euskarri juridikorik gabe. Euskal jendarte zabalak gainezka egin dio bultzatzaile politikoen eragin maltzurrari. Eredugarria. Benetan, eredugarria. Gogoko genuke, antzerako akusazio oinarria daukaten beste kasuetan ere eragin baikorra izango balu epai honek. Gogoan ditugu bereziki laster batean antza epaituko dituzten Udalbiltzako auzipetuak. Gogoan ditugu 18/98aren barruan epaitu zituzten eta gaur egun kartzelan dauden EGINeko lagunak. Gogoan ditugu oro har antzeko akusaziopean auzipetuta edo jada zigortuta leudekeen guztiak. Bihoakie gure agur zintzoa eta gure elkartasunaren besarkada beroa. Gurearekin pozik gaude. Baina, bestalde, ez justizia egin delako. Kaltea eginda dago, atzerabiderik gabe. Gehienez ere injustiziaren gurpila gelditu egin da, behin-behinean. Absoluzioa lortu dugu guretzat, bai, baina hainbeste kostatako enpresa-proiektuari egindako kaltearen, Egunkariaren milaka jarraitzaileri egindako kaltearen ordaina, non dago? Kalte honen errudunak akusatuen aulkian edo aulki bidean al daude? Egia da, bestalde, amaiera on batetik gertuago gaudela. Amaieraren hasiera izan daitekeela hau, baina hau ez da oraindik amaitu. Aurreikustekoa da, lehen esan bezala, epai honi helegitea jarriko diola akusazioak Espainiako Auzitegi Gorenean. Guri behintzat luzea irudituko zaigun denbora eramango du horrek. Baina, beste alde batetik, Egunkaria auziko bigarren pieza, pieza ekonomikoa deitzen dioguna, oraindik hor dago. Auzitegi Nazionalak berak ebatzi behar du pieza horren etorkizunaz. Ez ahaztu: pieza ekonomiko honetan daude, paradoxikoa badirudi ere, kartzela zigor eskaririk gogorrenak. Auzi ekonomikoan gauden lagun batzuentzat 26na urte eta 33na milioi euroko zigorra eskatzera iristen da Dignidad y Justicia elkartea. Beraz, ezin da oraindik defentsa jaitsi. Erne mantendu beharra daukagu. Erne mantentzeko eskatzen diogu gurekin beti hain eskuzabal eta elkartasun baldintzagabean azaldu den euskal jendarteari. Poza, esan dugu; garaipena, ere esan dugu, mugatua bada ere; erne egotea esan dugu. Bukatze aldera, zer geratzen zaigu orain adierazteko?: ESKER ONA. Bai horixe. Agerraldi publiko guztiak amaitzen ditugu euskal gizarteari, hemen hor eta han lagundu diguten guztiei, eskerrak emanez. Eta hala ere ez dugu inoiz esker nahikoa emango. Beti labur geratuko gara jaso dugunarekiko. Badakigu. Horregatik aprobetxatu nahi ditugu aukera guztiak honetarako. Hitzak eta esamoldeak errepikatu gabe, ahal bada, baina esker zintzoa adierazi nahi diogu euskal gizarteari, beste behin gaurkoan. Donostian zein Bilbon kaleak betean manifestatu ziren guztiei; egunkari txikituaren errautsetatik egunkari BERRIA eraikitzen lagundu zuten guztiei, horretan ere euskal gizartea izan zen garaile, geroko mobilizazioetan parte hartu duten milaka euskal herritarrei, kartzelan egon garenean gure familiengana berotasuna adieraziaz hurbildu ziren guztiei, nola esan MILA ESKER. Bada, esan nahi dizuegu, eta horretarako ekitaldi bat antolatu ere egingo dugu. Eskertza Ekitaldi handia izango da. Apirilaren 25ean, Bilboko Euskalduna Jauregiko areto nagusian. Goizeko 11:30etan. Ezin izango ditugu han bildu, joan nahi izango duten guztiak. Ezinean geratuko diren horiei aurrez barkamena eskatu behar diegu. Baina ez da erraza eredu egokia, areto egokia, egun egokia aurkitzea. Hau da orain egin dezakeguna eta honi helduko diogu. Aurrerago agian, kasua itxiko litzatekeenean edo, izango genuke aukera osatuago bat. Artean, absoluzioa gurea da, garaipena Euskal Herriarena, poza denona … MILA ESKER, ESKER BEROA GURE ALDETIK GUZTIONTZAT. Andoainen, 2010eko apirilaren 13an, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga