Mundua

6,9ko lurrikara batek gutxienez 400 hildako eta 10.000 zauritu utzi ditu Txinan

Ipar-mendebaldeko Quinghai probintzia astindu du, bereziki Tibeteko Yushu prefektura autonomoa. Hango hiri nagusian, Jegunen, eraikinen %85 suntsitu ditu. Hondakinen artean jende asko dagoela harrapatuta ohartarazi dute.

Berria -

2010eko apirilak 14
Lurrikara bortitzak astindu du gaur goizeko zortziak inguruan (ordubiak Euskal Herrian) Txina ipar-mendebaldeko Quinghai probintzia: 6,9ko indarra hartu du Ricther eskalan, eta gutxienez, 400 lagunen heriotza eragin du eta 10.000 inguru dira zaurituak. Hala jakinarazi du Xinhua Txinako albiste agentzia ofizialak. Yushu barrutian izan du epizentroa lurrikarak -Tibeteko prefektura autonomoa da eskualde hori-, eta agintarien arabera, hango hiri nagusian, Jegun, txikizioa izugarria da: lehen azterketen arabera, eraikinen %85 suntsitu ditu. "Kaleetan izua da nagusi, eta zaurituz beteta daude. Askok buruan dituzte zauriak", agertu du eskualdeko larrialdi zerbitzuen bozeramaileetako batek. "Hondakinen artean harrapatuta dago jende asko, eta tokian tokiko erietxeetan artatuak izaten ari dira beste asko", erantsi du. Hildako eta zaurituen artean haurrak ere badirela nabarmendu dute, eta eskolak direla eroritako eraikinetako hainbat. Salbamendu lanei behar bezala ekiteko zailtasunak dituzte, aireporturako errepideak hondatuta baitaude, eta, ondorioz, zaila baita kanpotik laguntza helaraztea. Tresneriaren faltan eskuekin ari dira hondakinak mugitzen eta jendea ateratzen. Txinako armadako 700 soldadu lan horretan ari dira, eta laster beste mila bidaliko dituztela agindu dute agintariek. Quingai-Tibet trenbidea, 2006an abian jarri zuten munduko trenbiderik altuena, epizentrotik 200 kilometrora dago, eta oraindik ez dute argitu kalterik jasan duen edo ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna