Gertatutakoa gaitzestu du nazioarteak

2010eko maiatzaren 31
17:09
Entzun
Gertatutakoak hango eta hemengo herrietako ordezkarien eta erakundeen kritikak eragin ditu, eta ekintzak ondorioak izango dituela esaten ari dira. Hasteko, premiazko bilerak egingo dituzte hainbat erakundek. Arabiar Ligak biharko deitu ditu herrialde arabiarrak gertatutakoaren balorazioa egiteko, eta neurriak hartzeko. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari ere eskatu diote gauza bera egin dezan, eta Segurtasun Kontseiluak gaur bertan egitea erabaki du. New Yorken egingo dute bilera arratsaldean -19:00ak aldera Euskal Herrian- zein jarrera hartzen duten erabakitzeko.

Hori baino lehen, hala ere, Ban Ki-moonek, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, "azalpenak lehenbailehen emateko" exijitu dio Israeli. "Hunkituta" dago, eta "indarkeria hori gaitzetsi" egiten du.

Arabiar Ligarentzat "ekintza terrorista" izan da, eta erakundeko idazkari nagusi Amro Musarentzat "Israel ez dago bakerako prest", eta are gutxiago Gazako bahimenduarekin amaitzeko prest, "bestela ez lioke erasoko hango herritarrentzat premiazkoak den giza laguntza daraman itsasontzoari".

Konferentzia Islamikoarentzat gertatutakoak erakusten du Israelek ez dituela nezioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen erabakiak errespetatzen, eta gaur bertan erabakiko dute zein neurri hartu.

Hamas talde palestinarrak, berriz, "gizateriaren kontrako krimentzat" jo du gertatutakoa, eta "erasoaren ardura erabatekoa" Israeli leporatu dio, ohar batean azaldu duenez. Israeli gertatutakoagatik presio egiteko eskatu dio nazioarteko komunitateari, baita "Gazako herriaren kontra jarritako zigorra kentzeko" ere. Hamasen ustez, "lotsagarria" da Gazan gertatzen ari denaren gainean orohar dagoen isiltasuna nazioartean. "AEBek zer esango duten zain gaude".

Turkiak ere "neurriak" hartuko ditu, eta lehenik eta behin "bahitutakoak askatzeko" eskatu dio Ankarako gobernuak Israelgoari. Bahitutako itsasontzi gehienak turkiarrak dira, eta komunikabideen arabera, hildako gehienak ere herrialde hartakoak dira. "Ikerketa zorrotza" eskatu du, eta Turkiak nazioarteko justiziara jotzeko duen eskubidea erabiliko duela nabarmendu du. "Israelek jokabide horrek dituen ondorioei aurre egin beharko die". Bien bitartean, tentsioa izugarria izaten ari da Ankaran, eta Israelgo Gobernuak Turkian bizi diren israeldarrei eskatu die ez daitezela kalera atera.

Iran izan da gertaera gehien kritikatu dutenetako bat. Mahmud Ahmadinejad presidentearentzat "gizagabea" izan da gertatutakoa, eta "erregimen sionisistarenm indarra erakutsi ordez haren ahuldadeak agerian" uzaten ditu. "Iranek bere esku dagoen guztia" egingo du Israelen ekintza honen aurrean.

Europako Batasunak "zuhur" jokatzeko eskatu du

Europako ordezkariak ere Israeli gertatutakoa argitzeko eskatzen ari dira, baina momentuz ez dago gaitzespenik. Catherine Ashton Europako Segurtasun eta Politikarako goi arduradunak "ikerketa osatua" eskatu du, baina gertatutakoari buruzko informazioa izan arte "zuhur" jokatu behar dela eskatu du. Modu berean, "Europako Batasuna Gazako egoerarekin oso kezkatuta" dagoela esan du: "Onartezina da".

Europako legebitzarkideek ere salatu dute gertatutakoa, "onartezina" delako "indarkeria erabiltzea zibilen kontra". Europako giza politikarako taldearen izenean Veronique de Keyser diputatuak esan duenez, "atzera bueltarik gabeko lekura" eraman ditu gertaerak.

Nazio Batuen Giza Eskubideen goi arduradun Navi Pillayk, berriz, eraso hau ez ezik, azken aldian Gazarekiko Israelgo armadak duen "jarrera berriak" asko kezkatzen du, eta "palestinarrek dituzten premiak asetzeko laguntza ez da inondik inora gutxiengoetara iristen". Pillauyrentzat, gainera, "gero eta okerragoa da egoera".

AEBk gertaera deitoratu dute

AEB "atsekabetuta" daude gertatutakoarekin eta "sakonki deitoratu" dute, Etxe Zuriko bozeramaile William Burtonek jakinarazi duenez, baina ez dute Israelen kontrako inolako neurririk aurreikusi. Bihar Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Washingtonera joatekoa zen Barack Obamarekin bilera egitera, baina bertan behera utzi du israeldarrak hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.