politika

Aresek aitortu du balitekeela ertzain batek hautsi izana Muruetagoiena zenaren oroigarria

Guardia Zibilak atxilotu ondoren hil zen medikua, 1982an. Senideek eta TATek salatu zuten torturak jaso zituela. Oiartzunen aritzen zen mediku lanetan.

Berria -

2010eko ekainak 4
Esteban Muruetagoiena euskal medikuaren alde Oiartzungo osasun zentroan jarritako oroigarria puskatu duena ertzain bat izan daitekeela aitortu du gaur Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Hala izatekotan, "bere kasa" apurtu zuen plaka poliziak, Aresek Eusko Legebiltzarrean esan duenez. Maiatzaren 8an edo 9an hautsi zuten oroigarria, eta Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak horri buruz galdetu dio Herrizaingo sailburuari. Honek adierazi du Ertzaintzak ez zuela plaka erretiratzeko agindurik eman. Haustailea ertzain bat izan bada, Aresek iragarri du haren aurkako neurriak hartuko dituztela. Basaberen ustez, "egokiak eta zuzenak" izan dira sailburuak emandako azalpenak. =b1982an atxilotu, "torturatu" eta hil=b Esteban Muruetagoiena (Ondarroa, 1943) mediku lanetan ibiltzen zen Oiartzunen. Ustez balaz zauritutako ETAko kide bat sendatzea egotzita, 1982ko martxoaren 16an Guardia Zibilak atxilotu egin zuen. Atxilotua egon zen bitartean inkomunikaturik egon zen, eta Donostiako eta Madrilgo polizia etxeetan bederatzi egunez torturatu egin zutela salatu zuen TATek. Martxoaren 25ean aske geratu zen, baina hil egin zen handik hiru egunera. Hasieran, Muruetagoiena bihotzekoak jota hil zela esan zuten, baina autopsiaren txostenean torturatu egin zutela agerian geratu zen. Elektrodoek eragindako erredurak zeuzkan buruan, bularrean eta azalean; isuri bat eragin zioten ezkerreko belarrian, barrabilak puztuta zeuzkan... Horretaz gain, Bixente Ibargurenek torturen berri eman zuen; izan ere, Donostiako polizia etxean elkarrekin egon zirenean, medikuaren oihuak entzun zituela jakinarazi zuen. Horiek hala, Muruetagoienaren alargun Elixabet Ormazak, senarra torturatu egin zutela eta horren ondorioz hil zela uste du. "Niretzat hilketa bat izan zen". "Ofizialki bihotzekoak jota hil zenez, guk ez dugu errekonozimendurik jaso".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna