politika

Rubalcaba: "Ez dut nik inor ikusten EA legez kanpo uzten"

Eusko Alkartasunak "ibilbide demokratiko garbia" duela adierazi du Espainiako Barne ministroak. "Badirudi Batasunak bozetara aurkezteko asmoa duela eta baliteke trikimailu juridikoak erabiltzea, baina Estatuak ezagutzen ditu trikimailu horiek". Ezker abertzalearen arabera, "Egigurenek Euskal Herrian pasatzen denari buruz ezagutza handia du".

2010eko ekainaren 24a
15:32
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ez du uste Espainiako Justiziak EA legez kanpo utziko duenik ezker abertzalearekin akordio estrategikoa sinatu duelako. "EAk ibilbide demokratiko garbia du, eta ez dut nik inor ikusten hura legez kanpo uzten", esan du gaur ministroak.

Rubalcabak iragarri du ezker abertzalea hauteskundeetan egon ez dadin Espainiako Estatuak "ahal duen dena" egingo duela. "Badirudi Batasunak bozetara aurkezteko asmoa duela eta baliteke trikimailu juridikoak erabiltzea, baina [Espainiako] Estatuak ezagutzen ditu trikimailu horiek".

Ezker abertzalea bozetan izateko -2011ko maiatzean izango dira hurrengoak: udal eta foruetakoak-, betiko baldintza jarri du Rubalcabak: hark ETAren indarkeriarekin moztea edo ETAk armak uztea.

EAk eta ezker abertzaleak elkarlanerako akordio estrategikoa sinatu zuten igandean Bilbon, Euskalduna jauregian, euskal estatu independentea lortzeko helburuarekin. "Bide zibil, politiko eta demokratikoak erabiltzeko behin betiko konpromiso irmoa" dutela azpimarratu zuten indar politiko biek.

Egiguren eta ezker abertzalea

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea ezker abertzalearen "ordezkaritza politikoa erakunde publikoetan sartzeko" sustatzearen eta gatazkan "neurri humanitarioak" hartzearen alde azaldu dela-eta (hemen haren idatzia), Miren Legorburu ezker abertzaleko kideak gaur adierazi du "Egigurenek Euskal Herrian pasatzen denari buruz ezagutza handia" duela. "Hala erakutsi izan du". Donostian egin ditu adierazpenok Legorburuk, ezker abertzaleko ia hamar kidek hilaren 29ko greba deialdiari buruz egindako agerraldian.

Rubalcabak lehengo ostiralean zioen Egiguren "erabat oker" dagoela eta gobernuak ez duela ezker abertzalea legeztatzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.