politika

EA: "Igandeko akordioaren ondoren, ETAk erantzunen bat eman beharko du"

Pello Urizar idazkari nagusiaren ustez, erakunde armatuak "ez du beste erremediorik". Aitortu du ezker abertzaleak hasi duen bideak "gorabeherak" izango dituela.

2010eko ekainaren 25a
15:43
Entzun
"Igandeko akordioaren ostean, ETAk erantzunen bat eman beharko du", esan du gaur Pello Urizar EAko idazkari nagusiak gaur Onda Vasca irrati katean. Erakunde armatuak "ez du beste erremediorik", Urizarren arabera, eta "laster" eman dezake erantzun hori. ETAren indarkeria "oztopo" dela azpimarratu du EAko buruak. "Hori gainditzean aro hobe batean sartuko gara: euskal estatua eratzeko apustuan".

EAk eta ezker abertzaleak elkarlanerako akordio estrategikoa sinatu zuten igandean Bilbon, Euskalduna jauregian, euskal estatu independentea lortzeko helburuarekin. "Bide zibil, politiko eta demokratikoak erabiltzeko behin betiko konpromiso irmoa" dutela azpimarratu zuten indar politiko biek.

"Apustua politikoa baino ez da eta beste bideak itxi egin dira", Urizarrek dioenez. Hala ere, aitortu du ezker abertzaleak hasi duen bidea ez dela "erraza" izango; "gorabeherak izango ditu".

Indar subiranisten metaketaren alde agertu da, "atomizazioak alderdi konstituzionalistei egiten dielako mesede. Haiek gauza dira akordioetara heltzeko. Gu ez bagara gai, galduta dugu apustua".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.