mundua

Liu Xiaobok irabazi du Bakearen Nobel Saria

Txinako Gobernuaren aurkako ekintzailea da Liu Xiaobo. 2008tik dago preso. Epaimahaiak dio indarkeria erabili gabe egin duela Txinan giza eskubideak ezartzearen alde. Gobernuak "lohikeriatzat" jo du erabakia, eta Norvegiako enbaxadorea bilera batera deitu du.

Berria -

2010eko urriak 8
Txinako Gobernuaren aurkako ekintzaile Liu Xiaobok jasoko du 2010eko Bakearen Nobel Saria. Epaimahaiak adierazi du indarkeria erabili gabe giza eskubideen alde egiteagatik saritu dutela. "Azken bi hamarkadetan, Liu Xiaobo bozermaile handia izan da Txinan oinarrizko giza eskubideak ezartzearen alde egiteko". Txinako Gobernuak "lohikeriatzat" jo du erabakia, eta Norvegiarekiko harremanentzat kalterako izango dela esan du. Areago, herrialde hark Txinan duen enbaxadorea bilera batera deitu du. Txinan preso dago Liu Xiaobo, hango erregimenaren aurka egiteagatik. Abenduan zigortu zuten 11 urteko espetxealdira, "Estatuaren boterea nahastea bultzatzea" egotzita. 2008tik daukate preso. Txinako erregimenaren aurkako ekintzaile ezaguna da. Besteren artean, 08 Gutunaren sustatzaileetako bat da. Agiri hori abenduan argitaratu zuten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko bezperetan. Hartan, demokratizaziorako urratsak egiteko eskatu zieten Txinako agintariei. Gainera, Liu Xiaobo ezagun egin zen Interneten hainbat artikulu kaleratu zituelako Txinako Alderdi Komunistarekiko kritiko. Hori leporatuta zigortu zuten. Disitente bati azken urteetan jarritako zigor gogorrena jasan zuen Liu Xiaobok: 11 urteko espetxealdia. AEBek eta Europako Batasunak kontuak eskatu zizkioten Txinari, eta Liu aske uzteko eskatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna