kataluniako Hauteskundeak

Joan Puigcercosek ERCren esku utzi du alderdiko presidente kargua

ERCk abenduaren 18an erabakiko du haren dimisioa onartu edo ez. Ernest Benach ERCko kide eta Kataluniako Parlamentuko azken zazpi urteetako presidenteak politika utzi du. 11 parlamentari galdu zituzten igandean Kataluniako hauteskundeetan.

2010eko azaroaren 30a
19:04
Entzun
ERC izan zen igandean Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeetako galtzaile nagusietakoa, aurreko legealdiko 21 parlamentarietatik 11 galdu zituelako, eta Joan Puigcercos alderdiko presidenteak ERCren esku utzi du bere kargua gaur, bere blogean jakinarazi duenez. ERCk abenduaren 18an erabakiko du haren dimisioa onartu edo ez.

2008ko ekainean hartu zuen ERCko lehendakari postua Puigcercosek, Josep Luis Carod Rovirari lekukoa hartuta.

ERCk hamar parlamentari lortu zituen igandeko bozetan, 218.046 boto, %7ko babesa. Bosgarren indarra da orain. 2006ko emaitzak: 21 aulki, 416.355 boto, %14,03ko babesa; hirugarren indarra zen.

Atzo Puigcercosek berak zioen hutsegiteak egin dituztela, baina alderdiko zuzendaritzako bileran inork ez ziola kargua lagatzeko eskatu, ezta Joan Ridao idazkari nagusiari ere. ERCko lehendakariaren arabera, alderdiak "bide orri berri bat" lantzen hasi beharra du, beste independentista batzuei irekiz.

Ernest Benachek politika utzi du

Ernest Benach ERCko kideak politika uztea erabaki du, eta ez du parlamentari kargua hartuko. Hemezortzi urte egin ditu Kataluniako legebiltzarkide gisa, eta azkeneko zazpi urteetan hango parlamentuko presidentea izan da.

Zazpi urte horietan PSC-ERC-ICV hirukoa egon da gobernuan, lehendakaria PSCkoa zela -Pasqual Maragall 2003-2006 artean, ordutik hona Jose Montilla-. Montillak atzo jakinarazi zuen uko egingo diola parlamentari postuari.

2010eko emaitzak (botoen %100 zenbatuta dela)

CiU. 62 parlamentari (1.198.010 boto, %38,47) / 2006an: 48 / 935.756 / %31,52

PSC. 28 parlamentari (570.361 boto, %18,32) / 2006an: 37 / 796.173 / %26,82

PP. 18 parlamentari (384.019 boto, %12,33) / 2006an: 14 / 316.222 / %10,65

ICV. 10 parlamentari (229.985 boto, %7,39) / 2006an: 12 / 282.693 / %9,52

ERC. 10 parlamentari (218.046 boto, %7) / 2006an: 21 / 416.355 / %14,03

Solidaritat. 4 parlamentari (102.197 boto, %3,28) / 2006an: ez zen aurkeztu

Ciutadans. 3 parlamentari (105.827 boto, %3,4) / 2006an: 3 / 89.840 / %3,03
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.