munDUA

Eta Bakearen Nobela, kartzelan

Liu Xiaobo saridunak ez du Osloko ekitaldian parte hartu, Txinak espetxean duelako.
Liu Xiaobo.
Liu Xiaobo.

Berria -

2010eko abenduak 10
Gaur izan da Bakearen Nobel sariaren ekitaldia Osloko udaletxean, baina irabazlea ez da izan han. Izan ere, Liu Xiaobo aurtengo Bakearen Nobel sariduna Txinan dago, gobernuak ez diolako herrialdetik ateratzen utzi. Kartzelan dauka aspalditik, disidentea delako. 11 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, =iCarta 08=i manifestuarekin "subertsioaren bultzatzaile" izatea egotzita. Bakearen Nobel saria Xiaobori eman izanak haserrea piztu du Txinako Gobernuan, saria errefusatzeraino. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak "pailazotzat" jo ditu ekitaldira joan direnak: "Txinaren kontrako fartsa bat antolatu dute, baina ez diegu utziko gure barne politikan eragiten, ez dugu norabidea aldatuko". Osloko zeremonia Interneteko hainbat gunetan jarraitu ahal izan da. Ez Txinan, zentsuratu egin duelako gobernuak. Txinako disidentziaren ikur bihurtu da Xiaobo nazioartean, eta herrialde askotako ordezkariek eskatu dute hura aske uzteko; besteak beste, AEBek eta Alemaniak. =bEkitaldean egoteari uko egin diote hamazazpi herrialdek=b Txinaren erabakiaren kontra askok egin duten arren, hamazazpi herrialdek uko egin diote Osloko ekitaldian parte hartzeari, Txinari babesa eman nahian: Afganistan, Egipto, Errusia, Filipinak, Irak, Iran, Kazakhstan, Kolonbia, Kuba, Maroko, Pakistan, Saudi Arabia, Sudan, Tunisia, Ukraina, Venezuela eta Vietnam-ek. =bAurrekariak=b Beste urte batzuetan ere geratu izan dira Nobel saridunak ekitaldira joan gabe, ezin izan dutelako. 1935an Carl von Ossietzky idazle eta bakezale alemaniarra kontzentrazio esparru batean zeukaten, eta 1975ean Andrei Sajarov errusiarra eta 1983an Lech Walesa sindikalista poloniarrak ere ez zuten parte hartu zeremonian. Joateko aukerarik izan ez zuen azkena Aung San Suu Kyi Myanmarreko politikaria izan zen, 1991n.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna