futbola

San Mames bete egingo da asteazkenean Euskal Selekzioa ikusteko

Bi mila sarrera baino ez dira geratzen saltzeko, eta astelehenean erosi ahal izango dira Bilboko estadioko lehiatilan.

Berria -

2010eko abenduak 24
Datorren asteazkenean Euskal Selekzioa-Venezuela gizonezkoen lagunarteko partida ikusteko San Mames Bilboko estadioa bete egingo da, gaur EAEko Federazioak emandako datuen arabera. Izan ere, federazioak BBKn salgai jarritako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko, eta orain bi mila txartel baino ez dira geratzen saltzeko. Bi mila horiek astelehenean erosi ahal izango dira, San Mameseko lehiatilan, 10:30etik aurrera. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera hartu ahal izango ditu. 40.000 ikusle sartzen dira Bilboko estadioan, eta Euskal Herriko selekzioak han jokatu ohi du. 20:45ean hasiko da asteazkeneko partida (ETB1). Azkeneko bi urtean futboleko gizonezkoen selekzioak ez du partidarik jokatu, EAEko Federazioaren eta jokalarien artean ofizialtasuna lortzeko lanari buruzko desadostasuna zegoelako. Arazoak ez dira konpondu, baina jokalariek jokatzea erabaki dute. Federazioaren jokabidea "etsigarria" dela salatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna