ETA-REN AGIRIA: iritzia
Amaituko da
Xabier Lekuona
2011ko urtarrilak 11 12:09
Ikusi nahi ez duenak ez du ezer berririk ikusiko ETAren adierazpenean. Espero zitekeenarekin egingo du topo. Akaso mehatxua ere ikusiko du, ETAk etsi gabe borrokan jardungo duela oharatarazi baitu. Besterik ikusi nahi ezean, horri heldu beharko dio doilorrak. Politikariak zein kazetariak.
Espainiako eta Euskal Herriko Ian Paisleytarren garaia. Beti garaipena irudikatu nahian, edo, hobeto esanda, garaituaren umiliazioa etengabe islatu nahian. Alderdiak, epaileak, Poliziak, bozgoragailuak. Ase ezin. Dena gutxiegi. Guztia nahikoa ez. Garaileak eta garaituak behar dituztelako.
Kontrakoa irudikatzen saiatuko badira ere, amaituko da horien erosotasuna. Irmo azalduko dira datozen orduotan eta egunotan komunikabideetan. Etengabe. Patxadaz. Baina amaituko da horien egonkortasuna. Amaituko zaie menderatzen zuten borroka moldea. Orain kontraesanen garaia datorkie. Ian Paisleytar guztiei. Espainiakoei zein Euskal Herrikoei. Amaituko zaie hasiera delako. Lan egiteko —eta baita borroka egiteko— moldeak aldatuko direlako. Abertzaletasun zati handi baten urteetako kapital politikoa garai berri baten mesedetan jarriko delako. Eta indartsua delako oso. Larunbatean Bilboko kaleak lekuko. Maiatzean Hego Euskal Herriko hautestontziak lekuko.
Ez dago ez ETAren ez aldameneko gobernuen esku behin betiko konponbiderako prozesuaren arrakasta. Ez. Errazte bidean, ordea, ETAk egin du urrats bat. Historikoa. Espainiako Gobernuak ez. Ez du nahi. Eginarazi beharko zaio. Horregatik, bertako eragile guztiek ausardia eta erabakitasuna erakutsi beharko dute. Inoiz ez bezalakoa. Inoiz ikusi ez bezalako mugimendua sortu beharko baita aurrerantzean Euskal Herriak merezi duen konponbide zuzena lortzeko.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
Iruzkinak kargatzen...