Albistea entzun

Aro berria «aprobetxatu» behar dela dio Urkulluk

Iñigo Urkullu EBBko presidenteak jakinarazi du gaur bertan ere hitz egin duela Espainiako Gobernuarekin, baina ez du edukiaren berririk eman. EAJk desagertzeko eskatu dio ETAri.

Berria -

2011ko urtarrilak 10
EAJri ez zaio nahikoa iruditu ETAren agiria, "ETAk egin behar duen esfortzu bakarra desagertzea" delako, baina "garaia baliatzeko" eskatu du. "Bakerako bidea urratsez urrats egin beharreko bidea da, eta bake horretara hurbiltzen gaituzten urrats guztiak baloratu egin behar ditugu. EAJren ustez, Euskadin eta Estatuan ditugun itxaropen eta egonkortasun garaiak aprobetxatu egin behar ditugu, eta, politika eta demokraziaren bidetik, amaiera eman behar diegu bortxakeriari eta giza eskubideen urraketei". Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak eman du EAJren balorazioaren berri. Gaur arratsaldeko bostetan egin du agerraldia, Bilbon, Sabin Etxean, eta jakinarazi du gaur bertan Espainiako Gobernuarekin hitz egin duela, baina ez du edukiaren berririk eman. Azkeneko hilabeteetan maiz mintzatu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere hitz egin du Urkulluk gaur; mamiaz ez du deus esan. EAJk "Brusela eta Gernikaren arteko bidean ez galtzeko" eskatu dio ETAri, eta "euskal gizarteari argi erantzun" diezaiola. Hau da, "desagertzeko". "EAJ ez da gehiago [ETAren] adierazpenaren inguruko interpretazioetan nahastuko. Bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustu zentzuzko batek ETA desagertzea eta legezko jokalekuak izatea eskatzen du". Urkulluk esan du bere alderdiak "aldi berriaren aldeko apustua" egiten duela, "non sentsibilitate ideologiko guztiok ez dugun izango herritarrek egindako azterketa baino, bakoitzaren egitasmoaren sendotasuna neurtzeko". Haren arabera, ezker abertzaleak Espainiako legedia betetzen badu, "ez da arrazoirik egongo legez kanpo uzteko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Informazio osagarria