Albistea entzun

ETA-ren agiria: iritzia

Urratsa

Felix Iriarte

Berria -

2011ko urtarrilak 11
Lasaiago omen dago Rubalcaba agiria irakurri eta gero. Eta Barne ministroaren ahotik hitz horiek entzunda, itxaropentsu egoteko arrazoiak pizten dira, Rubalcaba —onerako zein txarrerako— ez baita alferrik hitz egiten duten horietakoa. Ikusi nahi ez duenak bakarrik ez du antzemango aurrerako urratsik ETAren azken agiri honetan. Brusela eta Gernikatik iritsi zitzaizkion erronkei erantzun zuzena eta garbia eman die, eta konpromiso irmoa hartu du prozesu demokratikoak aurrera egin dezan, su-eten iraunkor eta orokorra agertuz. Nahikoa? Berrogeita hamar urteko ibilbide armatuaren amaiera agiri baten bidez iritsiko dela uste duten inozoentzat, ez da nahikoa izango; beste guztiok urrats garrantzitsu bat ikusiko dugu, inoiz baino urrunago joan baita ETA kasu honetan. Hala ere, itsuarena egin nahi dutenek arrazoi gutxiago dute gaurdanik, aitzakiak beti aurkituko badituzte ere. Ezetzaren jabeek ere 50 urteko inertzia apurtu behar dute, eta, besteek bezala, urratsez urrats joan beharko dute. Sarritan eskatu zaie urrats ez nahikoak egiteko. Orain berriro entzun beharko dute gauza bera, eta, gainera, atzo baino arrazoi-aitzakia gutxiago izango dute eskakizunari entzungor egiteko. Politikaren ordua iritsi da, behingoz. Antza, Rubalcabarentzat goizegi da oraindik hori onartzeko, ETAren desagerpenaren diskurtsoan ainguratuta segitzen baitu. Lasaiago dagoela dio, baina lasaiago geundeke guztiok ezker abertzalea legearen barruan dagoela entzungo bagenio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.