politika

Aralarrek, EAJk eta independenteek NaBairen zerrendak prestatzeko mahaitik kanpo utzi dute EA

Hiru alde horiek gutun bat kaleratu dute, eta bihar bertan erabakiak hartzen hasiko direla jakinarazi dute. "Une honetan EA NaBaitik kanpo" dagoela esan du Txentxo Jimenezek. Akordioa sinatzen duen unean bere lekua berreskuratuko duela esan diote EAri.

Berria -

2011ko otsailak 2
Aralarrek, EAJk eta independenteek gutun publiko bat bidali diote gaur arratsaldean Eusko Alkartasunari, eta horren bitartez jakinarazi diotenez, haren zain egon gabe bihar bertan udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak prestatzen hasiko dira. "Batzar horrek modu subiranoan hartuko zuen erabakiaren zain, eta dokumentu horren izenpetzearen inguruan erabakirik ez dutela hartu kontuan izanda, EAri jakinarazten diogu hauteskundeak prestatzeko eta zerrendak osatzeko aldez aurretiko lanari ekingo diogula". Gutuna sinatu dutenek diote, gainera, euren asmoa ez dela izan EAk beste indar politiko batzuekin dituen harremanetan eragitea. NaBairen akordioa ez dutela sinatu argudiatu du Txentxo Jimenezek arratsaldean Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, eta esan du horri helduz hartu dutela erabakia. EAk atzo bertan batzar nazionalean erabaki zuen NaBain jarraitzea, baina aldi berean aurretik sinatu dituen akordio estrategikoei eustea ere erabaki du. Gaur goizetik EAJko zenbait agintariek EA koaliziotik kanpo ikusten zutela esan dute, eta iritzi hori Jimenezek berretsi du Euskadi Irratian. Gutunean diotenez, EAak akordioa sinatzea erabakitzen duen momentuan NaBain zuen lekua berreskuratuko du. NaBain egotea eta Batasunarekin aritzea, "bateraezina" Jose Angel Agirrebengoa Nafarroako EAJko koordinatzaileak adierazi du EA bera jarri dela "Nafarroa Baitik kanpo", atzoko erabakiarekin. "Asko sentitzen dut", esan die hedabideei Iru˝ean, parlamentuko pasilloetan. Hain zuzen, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin dauzkan akordio estrategikoei eustea eta NaBain segitzea erabaki du bart EAk nazio batzarrean. Agirrebengoaren ustez, NaBairen aldeko apustuak "erabatekoa" izan behar du Nafarroaren kasuan, ezin da beste eragile batzuekin itunik egin. "Bateraezina da NaBain egotea eta Batasunarekin akordio estrategikoak egitea, =iLortu arte=i eta =iEuskal Herria ezkerretik=i bezala". Koldo Amezketak (EA) eta Txentxo Jimenezek (Aralar) ez dute adierazpenik egin nahi izan. Dena dela, Jimenezek jakinarazi du gaur Aralarreko, EAJko eta NaBaiko independenteek bilera bat egingo dutela EAren atzoko erabakia aztertzeko. =bEAren nazio batzarra atzo=b EAk erdibidetik jotzea erabaki du. Gasteizen nazio batzarrean bildutako gehiengo kualifikatu batek onartu du Nafarroan hurrengo legealdirako hauteskunde konpromiso bakarra Nafarroa Bai izatea eta, "Nafarroari dagokionez, beste edozein hauteskunde konpromiso baztertzea". Era berean, EAk orain arteko apustu estrategikoari eustea erabaki du. Hala, NaBairen alde egiteak "ez dakar, inolaz ere, indar abertzale, aurrerakoi eta ezkerreko guztien metaketaren alde lan egiteari uko egitea, ezta Nafarroan ere". Atzo nazio batzarrak onartutako adierazpenak "tinko" kritikatzen du NaBaiko beste alderdiek eta independenteek alderdiaren erabaki estrategikoetan esku hartu nahi izatea, eta gaitzetsi egiten du "Nafarroa Bairen moduko proiektu ilusionagarri bat haien interes alderdikoien mesederako erabiltzea". Ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zen atzo Gasteizen nazio batzarra. Bertan, EAko zuzendaritzak militanteei proposatu zien hurrengo udal eta foru hauteskundeei begira Nafarroa Bai dela euren apustua baina, era berean, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin hitzartutako Euskal Herria Ezkerretik akordioari eustea. Pello Urizarri egokitu zitzaion proposamen hori zein azken eguneko gertaeren nondik norakoak zehaztea. =bEztabaida luzea=b Hartu beharreko erabakiaren garrantziaren jakitun, eztabaidak luze jo zuen EAko militanteen artean. Eztabaidak hiru ordu inguru iraun zuen eta bertan, hogei militantetik gora parte hartu zuten. Batzuek, NaBaiko koaliziokideek jarritako baldintzak ikusita, koalizioa uztea defenditu zuten. Alabaina, azkenik onartutako ebazpenean, gogorarazten da EAk NaBairen sorrera sustatu zuela eta koalizioa sortu aurretik ere UPNren politiken aurka "erreferentzia politiko eta instituzional argia" izan dela. Ebazpenean, arrazoitzen da koalizioaren sorreratik "batasun abertzalea" bilatu dutela. Gaur egun, ezker abertzaleak bide soilik politikoen aldeko apustua egin ondotik, "posible" ikusten du EAk Nafarroan, "Euskal Herri osoan bezala", indar abertzaleak biltzea. EAk azpimarratzen du, batasun hori lortze aldera EAk "ahalegin guztiak" egin dituela, eta ezker abertzalearen balizko sarrera bati ateak irekita uztea aldarrikatu dute. Hala, ebazpenean, batetik, datozen foru eta udal hauteskundeei begira, Nafarroa Bairen hasierako printzipioekin bat egiten du. Bigarrenik, Lortu Arte eta Euskal Herria Ezkerretik akordioak "ekarpen garrantzitsuak" direla deritzo, baita Gernikako Akordioa ere. Hirugarrenik eta azkenik, bere egiten ditu hurrengo legealdirako NaBAiren oinarri programatikoak, politikoak eta antolamendukoak eta "apustu instituzional bakarra" NaBai dela dio. Alabaina ez du argitzen zehazki, NaBaik ostiralean aurkeztutako akordioa izepentuko ote duen, eta hortaz EAJk, Aralarrek eta independienteek ontzat joko ote duten ebazpen hori. Ostiralean egin zen Nafarroa Bairen aurkezpen ofiziala eta aurkezpen horretan Eusko Alderdi Jeltzaleak, Aralarrek eta independienteek publiko egin zuten agiri bat. Agiri hori sinatzen dutenek onartu beharra dute beste alderdiren batekin egindako akordioek ez dutela Nafarroan eraginik izango eta ez dutela NaBairen bilakaeran esku hartuko. Adierazpen hori sinatzeak esan nahi du 2011tik 2015era bitarteko legealdian "Batasunarekin hitzartutako akordioetan jasotakoa baliogabetu" egiten dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna