komunikabideak

Politika berriak eskatu dizkiete erakundeei euskarazko hedabideek

Datozen asteetan instituzio eta alderdiekin harremanetan jarriko dira, sektorearen berri emateko eta politika berri horri heltzeko beharra azaltzeko.

2011ko otsailaren 15a
16:34
Entzun
Euskarazko 80 hedabidek politika berriak eskatu dizkiete erakundeei gaur eguerdian Donostian eginiko agerraldi batean. Duela bi aste hedabideek editorial bateratu bat atera zuten, eta gaur beste pauso bat eman dute, hedabideei orokorrean euren egoera eta beharrak azaltzeko. Datozen asteetan instituzio eta alderdiekin bilduko direla jakinarazi dute, sektorearen berri emateko eta politika berri baten beharra azaltzeko. Publikoak ez diren euskarazko hedabideek etorkizunari aurre egiteko baliabide gehiago behar dituztela azpimarratu dute.

Diru laguntzek handiagoak izan behar dutela esan du Jasone Mendizabal Topagunekoak. Finkoak izan beharko luketela esan du, "hedabideen ekoizpenari eta eraginari erreparatuta", aurrera begira erronka berriei heldu ahal izateko. Krisi ekonomikoak gogor astindu dituela esan du: "Lehendik ere baliabidez urri, eta orain larriago". Sostengu handiagoa behar duten une honetan erakundeek krisiaren aitzakian laguntzak murriztu dizkietela salatu du, eta batzuk itxi egin behar izan dutela esan du. Publikoak ez diren euskarazko hedabideen asmoa, ordea, ez dela irautea nabarmendu du, zabaltzea baizik.

Euskarazko hedabideen sektorea diruz lagundutako sektore bat dela adierazi du, eta horrela behar duela, "ordezkatu ezin den lan bat betetzen duelako". Hala ere, jasotzen denaren zati handi bat itzultzen zaiola azaldu dute agerraldia egin dutenek. Mendizabalen arabera, jasotako diru laguntzetatik sei milioi euro zergen bidez itzultzen zaizkie erakundeei. "Jasotzen dugunaz gain, zenbat ematen dugun ere hartu behar da kontuan. 450.000 irakurlerengana iristen dira euskarazko hedabideak. "Sektore zabal eta bizia osatzen dugu, kontuan hartzekoa. Gizarteari era askotako onurak ematen dizkiona: komunikazio arlokoak, hizkuntzaren normalizazioaren arlokoak eta ekonomikoak".

"Ekonomikoki ere sektore garrantzitsua da publikoak ez diren euskarazko hedabideena: 600 langiletik gora ari gara bertan", dio agerraldian irakurri duten agiriak. "Gure konpromisoa hemen dago, egunerokoan ikusgai. Eta instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dugu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz".

Publizitate insituzional gehiago

Batik bat, publizitatearen arloan jasotzen diren laguntzak eskasak direla salatu dute. Esan dute euskarazko hedabideek erakundeen aldetik jasotzen duten publizitatea ez datorrela bat horiek dituzten irakurleekin. "Euskaldunen erdiek euskarazko hedabideei erreparatzen diete. Uste dut badugula publizitatean horren parekoa jasotzeko eskubidea ere", esan du Joanmari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.