protestak herrialde arabiarretan

Libiako Gobernua hasi da erortzen, Justizia ministroak dimisioa emanda

Halaber, gobernuaren egoitza sutan da Tripolin, eta armada manifestariak bonbardatzen ari da. Erresuma Batuak dio balitekeela Gaddafi Venezuelara bidean izatea. Gaddafi sendiak dio gerra zibilaren arriskua dagoela Libian. Herrialdea "oso egoera zailean" dagoela adierazi du presidentearen seme batek. Azken lau egunetan 233 lagun hil dira, HRW Human Rights Watch erakundearen arabera. Maroko: bost lagun hil dira. Yemen: presidenteak dio "onartezina" dela bere erregimena aldatzea. Bahrain: bertan behera utzi dute 1 Formulako martxoko proba.

Berria -

2011ko otsailak 21
=bLIBIA. Libiako Gobernuaren egoitza sutan da Tripolin; Justizia ministroak dimisioa eman du=b Aurreko asteetan Tunisian eta Egipton bezala, Libiako Gobernua ere hasi da sufritzen herritarren protestak. Gaur, kasu, Tripoli hiriburuan duen egoitza sutan dago, baita han bertan Justizia Ministerioaren eraikina ere, Al Jazzera telebista kateak esan duenez. Manifestariek erre dituzte, eta Muammar Gaddafi presidenteari kargua uzteko eskatzen dabiltza. Armadaren hegazkinek arratsaldean manifestariak bonbardatzeari ekin diote Tripolin. Mustafa Abdeljalil Justizia ministroak dimisioa eman du, "egoera odoltsua" dela iritzita. Haren ustez, Poliziak "gehiegizko indarkeria" erabili du manifestarien aurka. Al Jazzeraren arabera, armadak hiria utzi du dagoeneko. Polizia etxe batzuk ere erre dituzte protestaren egileek. Erresuma Batuak, berriz, arratsaldean zabaldu du balitekeela Gaddafi Venezuelara bidean izatea, ihesean. William Hague Atzerri ministroak esan du hori, Bruselan. 1969an iritsi zen Libiako boterera Gaddafi, Idris erregearen kontrako estatu kolpea emanda. 1951tik zegoen errege Idris, herrialdeak independentzia lortu zuenetik. Gaddafi presidentearen beraren seme Seif al Islamek ohartarazi du ez dutela onartuko mobilizazioen ondorioz herrialdean "kaosa" egoterik, baina aitortu du "gerra zibila hasteko arriskua" dagoela, "Libia oso egoera zailean" dagoelako. Armadak presidentea babesten jarraitzen duela dio Gaddafiren semeak. Seif al Islamek adierazi du "lege berriak" egingo dituztela "eta konstituzio berri batez hitz egiteko nazio eztabaida" sustatuko dutela. "Bihar bertan has daiteke eztabaida, betiere ados baldin bagaude". Tripoli hiriburaino iritsi dira protestak, eta gaur ere tiroak izan dira Libian, Tripolin barne. Azkeneko lau egunetan herrialdean "errepresioaren ondorioz" 233 lagun hil direla esan du HRW erakundeak. Informazioa ospitaleetatik eta lekukoen bidez jaso duela dio HRWk. Beste iturri batzuek diote hildakoak dagoeneko 400 pasa direla. Bengasiko mediku batek adierazi du hango erietxean 350 gorpu daudela. Gaddafiren erregimena beti izan da hertsia atzerriarekin, baina oposizioa gogor oldartu zaion honetan, informazioarekiko kontrola are gehiago zorroztu du. Ia ez dago atzerriko prentsarik, eta istiluei buruzko informazioa aski nahasgarria da. =bMAROKO. Bost lagun hil dira=b Maroko iparraldean bost lagun hil dira, erreta. Alhucemasen izan da gertaera, bart, hainbat lagunek erregimenaren kontrako protestetan banku bati su eman ostean, Taib Cherkaui Marokoko Gobernuko Barne ministroak esan duenez. Cherkauiren arabera, atzoko mobilizazioetan 128 pertsona zauritu ziren, eta 120 lagun atxilotu zituen Poliziak. =bYEMEN. Presidenteak dio "onartezina" dela erregimena aldatzea=b Ali Abdala Sale Yemengo presidentearen ustez, hango erregimena aldatzea "onartezina" da, eta adierazi du hori eskatzen duten herritarrak "gutxiengo" direla. Tunisiako eta Egiptoko protestak hasi zirenetik Yemenen ere mobilizazioak egiten dabiltza milaka eta milaka lagun. "Zein dira horiek?", galdetu du Salek. "Tunisian eta Egipton bezala erregimena aldatu nahi badute, hori ezin da onartu. Baina aldatu nahi badute, hauteskundeen bidez alda dezakete". =bBAHRAIN. Bertan behera utzi dute 1 Formulako proba.=b Herrialdeko liskarrak direla arrazoi, martxoan Bahrainen egitekoa zen 1 Formulako proba ez egitea erabaki dute. Han zen hastekoa denboraldia. Ostiraleko mobilizazioetan Poliziak zauritutako lagun bat hil egin da gaur.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna