Euskara

Korrikak Euskaltzaindia omenduko du ostiralean, Donostian

Euskaltzaindiak euskararen erabileraren eta iraupenaren alde egindako lana aitortzeko antolatu dute ekitaldia. Kursaalean izango da, 19:00etan. Akademiaren historia jasotzen duen 'Zenbait gazte ausart' dokumentala aurkeztuko dute —horren laburpena da bideokoa—.

Euskaltzaindiaren lana aitortuko du ostiralean Korrikak, omenaldi batekin. 'Zenbait gazte ausart' film luzea aurkeztuko dute ekitaldian, Euskaltzaindiaren historiari buruzko lana.

Ainara Arrratibel -

2011ko martxoak 22

Beti izan da estua AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko lotura. Baina horregatik ez ezik, 1968. urtetik euskararen alde egiten ari den lanagatik erabaki du Korrikak aurten Euskaltzaindia omentzea. Ostiralean Kursaalean egingo den omenaldia "xumea" izango dela nabarmendu du Edurne Brouard Korrikako arduradunak.

Zenbait gazte ausart dokumentala izango da ekitaldiaren muina. Iker Ugalde, Ekaitz Herrera eta Alexander Silva dira egileak; Mondragon Unibertsitatean Ikus-Entzunezko ikasketak ari dira egiten, eta haien ikasketa amaierako proiektua da dokumentala. Bertan, Euskaltzaindiaren historia laburbiltzen dute 30 lagunen testigantzen bidez. Besteak beste, Lurdes Auzmendiren, Pello Zabalaren, Estitxu Fernandezen eta Xabier Mendiguren Bereziarturen iritziak bildu dituzte.