Politika

Lizarra-Garaziko akordioa arnasberritu nahi dutela esan dute Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaiak

Koldo Amezketa EAko Nafarroako presidente ohiaren hitzetan nazio eraikuntza beharrezkoa da guztion bizi-baldintzak hobetu ahal izateko. Aurkeztutako proiketua hainbat mugimendu politikoetako kideek osatzen dutela azaldu du Aitziber Sarasola AEKko Nafarroako arduradun izandakoak, besteak beste, mugimendu feministakoek, gazte mugimenduetakoek, lurraren aldeko aktibistek eta sindikalistek. Eskaintza Euskal Herri osora zabaldu dute Maiorga Ramirezek eta Bakartxo Ruizek.

Aurpegi ezagunak, ekitaldian.
Aurpegi ezagunak, ekitaldian. Jagoba Manterola / Argazki Press

Berria -

2011ko martxoak 26

Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaiak Lizarra-Garaziko akordioa arnas-berritu nahi dutela esan dute gaur arratsaldean Lizarran (Nafarroan) egiten ari diren ekitaldi politikoan. Aitziber Sarasola Nafarroako AEKko arduradun ohiak adierazi duenez, ez da kasualitatea ekitaldia egiteko Lizarra aukeratu izana: "Hau zen XIX. mendean foruak defendatzen zituztenen hirubura, hemen hitzartu zen II. Errepublikaren garaian Hego Euskal Herriko lau lurraldeen arteko autonomia proposaeman, eta Lizarra-Garaziko akordioa ere hemen abiatu zen", esan du.

Koldo Amezketa Nafarroako EAko presidente ohiak Telesforo Monzon politikari abertzalea, Fortunato Agirre Lizarrako alkate abertzalea eta Manuel Irujo EAJko zuzendaritzako kidea ekarri ditu gogora. Amezketaren hitzetan nazio eraikuntza beharrezkoa da guztion bizi-baldintzak hobetu ahal izateko. Sarasolak gaineratu du Frantzia eta Espainia beldur direla, eta beldur horrek erakusten duela horien ahuldadea.

Bi hizlariek azaldu dutenez, eurek aurkezten duten proiektu politiko berriak hainbat mugimendutako kideak biltzen ditu, besteak beste, lurraren aldeko mugimenduetakoak, emakumeen aldekoak, sindikatuetakoak eta gazte mugimenduetakoak. Ekitaldiak gazteen kontrako errepresioa salatzeko Hesian taldearen Milaka argi abestia entzun da.

Marka politiko berririk ez

Ikusmin handia sortu da gaurko ekitaldian, baina hasi aurretik partaideetako batek garbi utzi nahi izan du ez direla marka politiko berri bat aukeztera joan. Azken orduetan zenbait hedabidek zabaldu duten informazioaren ondoren, zurrumurruak piztu ditu eszenografiak, izan ere,  Bagoaz. Elkarrekin Nafarroatik Euskal Herri osora irakur zitekeen. Maiorga Ramirezek, ordea, Bagoaz hori marka berri bat denik gezurtatu du.

17:30ean zen hastekoa ekialdia, baina ordu horretan jendea oraindik Remontival pilotalekura sartzen ari zen eta atzeratu egin da. Bete egin da azkenean, eta tartean zebiltzan hainbat telebista kamera eta kazetari ugari. Aurpegi ezagunen artean Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa eta Eva Aranguren Eusko Alkartasunako kideak zeuden, baita Joxe Manuel Aleman Herritarron Garaia plataformakoa ere.

Ramirezek eta Bakartxo Ruiz Herritarron Garaiakoak hartu dute hitza Amezketaren eta Sarasolaren ondoren. Ruizek esan du une politiko berezia dela hau, onerako eta txarrerako: "Denon artean elkarlana sustatuko duen proiektu baten oinarriak jartzeko unea da", esan du. "Badago aukera hau pasatzen utzi duenik", gaineratu du Ramirezek. Bien artean indar metaketaren alde daudenak bat egitera deitu dituzte.

Nafarroarako aurkeztu duten proiektua Euskal Herrira zabaltzean dutela esan dute Ruizek eta Ramirezek. "Ez dugu sinesten gaur egun Nafarroako gizartea Nafarroa ofizialean ordezkatuta dagoenik. Aldaketa ez da alternantzia, baizik eta markoa aldatzea. Guri dagokigu indarkeriarik gabe eta demokratikoki Euskal Herriak Europan tokia izatea", esan dute txalo artean.

Ruizek gaineratu du azken egunetan jaso dituzten mehatxuek erakusten dutela bide onetik ari direla, eta ez direla kokilduko. "Sorturekin gertatutakoak erakusten du defizit demokratikoa dagoela, eta orain gu kutxatu nahi gaituzte. Baina ez dute lortuko. Badakite hauteskunde eskaintza honek jendearen ilusioa piztuko duela. Beldur dira, eta horrek indartu egiten gaitu". Maiatzaren 22tik aurrera urduriago egongo direla gaineratu du Ramirezek.

Segurtasun indarrek zainduta

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ekitaldia zaintzeko agindu du goizean. Dignidad y Justicia elkarteak ekitaldia debekatzeko eskatu zuen atzo, baina Velascok argudiatu du ez dagoela denborarik behar diren txostenak eskatzeko, eta horregatik eskatu du zaintzeko segurtasun indarretako agenteei. Epaileak autoan agindu du deliturik baldin badago, "dagokion moduan" jokatzeko. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna