Kantonamenduetako hauteskundeak

Ipar Euskal Herrian berdinketa gertatu da eskuinaren eta ezkerraren artean

Bigarren itzuliaren ondoren, bost kantonamendu gelditu dira sozialisten eskuetan, beste bost eskuin edo zentristen eskuetan. PS Baionako hiru kantonamenduetan, Garazi eta Atharratzen atera da irabazle. UMP Angelu iparraldea, Miarritze mendebaldean, Iholdin eta Bastidan nagusitu da eta Forces 64 Hazparnen —lehen itzulian—. Iholdin EH Baik atzo %43 lortu zuen.

Jenofa Berhokoirigoin, Aitor Renteria -

2011ko martxoak 27

Marie Christine Aragon (PS), Christophe Martin (PS), Henri Etxeto (PS), Max Brisson (UMP), Claude Olive (UMP), Jean Louis Caset (UMP), Frantxua Maitia (PS), Arnaud Villeneuve (PS), Jean Castaings (UMP) eta Beñat Intxauspe (Forces 64) dira, hamar kantonamendutako atzoko bozen ondotik, Ipar Euskal Herriko hamar kontseilari berriak -batzuek aulkia atxiki dute—.

Azken batean, Angelu iparraldean eta Atharratzen gertatu dira aldaketa, 2004ko hauteskundeekin konparatuz. Baiona mendebaldean, sozialistek bidean galdu zuten aulkia berreskuratu dute (2008an Monique Larran-Lange kontseilariak, ezkerretik eskuinera egin zuen urratsa).

Baionako hiru kantonamenduak. Baiona ekialdean, iparraldean eta mendebaldean PS nagusitu da. Marie-Christine Aragon, Christophe Martin eta Henri Etxeto izanen dira ondoko urteetan Baionako kontseilariak. Aurrekoan bezala PS atera da irabazle Baionako hiru kantonamenduetan. Baiona ekialdean Aragonek bozen %58,55 lortu ditu,  iparraldean Martinek %61,4 eta mendebaldean Etxetok %53,95. Pozik agertu dira sozialistak.

Miarritze mendebaldea. Lehen itzuliko emaitzen argira igurika zitekeen bezala, Max Brisson UMPko kide eta orain arteko kontseilari nagusia gailendu da bigarren itzulian. Azpimarratzekoa da abstentzioaren kopurua. Izan ere, bozka eskubidea zuen hiru pertsonatik batek eman du boza. 10.450 pertsona daude erroldan eta Brissonek 1.995 boz eskuratu ditu (%88,78). Hauteskunde sistemari leporatu dio Brissonek abstentzioa, oraingoan kantonamenduetako bozak izan direlako soilik, herrietako edo Akitaniako bozei lotu gabe. Testuinguru horretan, duela sei urteko kopuru berak erdietsi dituela azpimarratu du Brissonek. 

Angelu iparraldea. Claude Olive (UMP) izanen da Angelu iparraldeko kontseilari nagusia, %51,87 lortuta. Gerard Cazaux PSko hautagaiak ez du lortu ezkerreko boz guztiak bereganatzea, edo bederen ez aski eskuinaren indar metaketari eusteko.

Iholdi. Iholdin Casetek (UMP) jarraitzen du kontseilari, %57 lortuta. Daniel Olzomendi EH Baiko zerrendaburuak emaitza ona izan du: %43. Caset atera da nagusi 11 herritan, Olzomendi hirutan —Bunuze, Heleta eta Izuran—. Aspaldian azkar eskuin bozkatzen da kantonamendu horretan. 1998 eta 2004an lehen itzulitik pasatu zen Caset. Hori dela-eta bigarren itzuli bat izatea bera, "irabazte" bat zela erran zuen Olzomendik aste hastapenean. Abertzalea pozik agertu da lortu emaitzekin.

Garazi. Frantxua Maitiak (PS) 1.781 boz bildu ditu (%51,2), Jean Marie Mailharro (Forces 64) 1.707. Hori dela-eta aulkiari eutsi dio Maitiak. Donibane Garazin Mailharro atera da garaile, 487 boz bilduz: Maitiak 263 bildu ditu han. Baina ez da nahikoa izan, eta herri guztiak kontutan harturik, PSkoa da garaile atera Garazi kantonamenduan. Dominique Bacho EH Baiko zerrendaburuak lehen itzulian botoen %18,93 lortu zituen, baina bigarren itzulira ez aurkeztea erabaki zuen AB, Batasuna eta EAren koalizioak.

Atharratze. Arnaud Villeneuvek (PS) 1.128 boz lortu ditu, bozen %54,81. Forces 64ko hautagaiak, aldiz, 930 boz eskuratu ditu, %45,19. Atharratze kantonamenduko 11 herritan irabazi du Villeneuvek eta Jean Pierre Iriartek beste bost herritan. Kantonamenduko ardura politikoa luzaz Forces 64 alderdiaren esku egon ondoren, ezkerrera doa berriz ere Zuberoa.

Bastida. Jean Castaings (UMP) orain arteko kontseilariak aulkia atxikitzen du. 1.526 lagunek bozkatu dute eskuinaren alde. 1.176k Thierry Dekimpe sozialistaren alde egin dute.

Hazparne. Aurten han ere izan dira bozak, baina lehen itzulian Beñat Intxauspek (Forces 64) gehiengo osoa erdietsi zuen. Ondorioz, han ez zen atzo bozketarik izan. 2004an ere kontseilari nagusi hautatu zuten Intxauspe.

Ipar Euskal Herriko beste 11 kantonamenduetan 2008an egin zituzten hauteskundeak. Hemen emaitzak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna