Euskal herria

Gernikazarra historia taldeari eta Gerry Adamsi Gernika sariak

Gaur 74 urte bete dira herria bonbardatu zutela. 20:00etan 150 gernikarrek bonbardaketaren ondorengo orduak antzeztuko dituzte, Carlos Panerak zuzenduta.

George Steerri eskainitako bustoan goizean egindako lore eskaintza.
George Steerri eskainitako bustoan goizean egindako lore eskaintza. / Busturialdeko Hitza

Berria -

2011ko apirilak 26

Gaur 74 urte betetzen dira Alemaniako Condor armadako hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik. 1937ko apirilaren 26an arratsaldean hasi zen bonbardaketa, baina gaur goizean hasi dira bonbardaketa gogoratzeko ospakizunak. 11:30ean lore eskaintza izan da George Steerri eskainitako bustoan. Eguerdian, berriz, Gernika sariak banatu dituzte.

Gernikazarra historia taldeari eman diote sarietako bat, Lizeo antzokian. Giza eskubideen, kulturaren eta ideia askatasunaren alde egiteko deia egin du Gernikazarrak. Historia taldea sortu zela mende laurdena bete da, eta 25 urte horietan Gernika-Lumoko historia, bonbardaketaren gertakariak eta oroimen historikoa berreskuratzeko egindako lana aitortu diote.

Nazioarte mailan bakearen eta berradiskidetzearen alde lan egiteagatik Gerry Adams Irlandako Sinn Fein alderdi politikoki burua saritu dute. Adamsek berak, baina, ezin izan du Gernika-Lumon izan.

Bonbardaketaren hasiera gogoratzeko 15:45ean sirena deia izan da Pasealekuan, eta 16:30ean Zalloko hilerrian elizkizuna egingo du Gernika-Lumoko Udalak, hildakoak gogoratzeko. 18:00etan Jon Iturrarte artistaren Gernika dokumentala emango dute Elai-Alai aretoan.

Eguneko ekitaldi nagusietako bi iluntzean izango dira. 20:00etan 150 gernikarrek Gernika sutan antzezkizuna antzeztuko dute herriko kaleetan. Carlos Panerak zuzenduko ditu; Jon Lopategi, Onintza Enbeita, Joseba Sarrionandia eta Edorta Jimenezen testuekin osatu du lana Panerak. 21:30ean kandelekin manifestazio isila egitera deitu dute.

'Guernica Gernikara'

Datorren urtean ekitaldi ugari izango dira bonbardaketaren 75. urteurrenarekin bat eginez. Urteurrenarekin lotuta, Gernikako Udalak Guernica Gernikara  ekimena jarri zuen abian, "Madrileko Gobernuko Kultura Ministerioari Gernika margolana behin-betiko Gernika-Lumora ekartzeko tramiteak egiten hasi dadin", Jose Maria Gorroño alkateak adierazi zuenez.

Ekimenarekin koadroa Gernikara ekartzeko sinadura bilketa hasi zuen Udalak, eta horretarako sare sozialak erabiltzen ari dira. 12.100 lagunek baino gehiagok sinatu dute jada eskaera.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna