Bin laden-en hilketa

Jihadarekin jarraituko duela iragarri du Al Kaedak

Barack Obamak bart jakinarazi du Bin Laden hil dutela. AEBetako segurtasun arduradun batek baieztatu du helburua Al Kaedako burua hiltzea zela, eta ez atxilotzea. Gorpua uretara bota dute, erromesaldirik izan ez dadin. Hilketarekin "justizia" egin dute, Obamak bart esan duenez.

Berria -

2011ko maiatzak 2

Al Kaedak erantzun dio Bin Ladenen hilketari, eta euren liderraren heriotzaren aurrean ez dutela negar egingo esan dute haren jarraitzaileek, eta jihadarekin jarraituko dutela. "Ez gara Osamarengatik triste egongo, ez dugu dolurik pasako beragatik. Haren heriotza ospa dezazuen egun batzuk emango dizkizuegu, eta, ondoren, gerrari ekingo diogu berriro", esan du Hussein bin Mahmud Al Kaedako kideak sinatutako ohar batean. Bin Ladenen ordezkoa izendatzeko eskatu die jihadaren buruei.

Ansar al Mujahidin webgunean eman du argitara oharra Al  Kaedak. "Ez dugu mendeku gisa operaziorik nahi han eta hemen. Operazio kualitatiboak nahi ditugu, jakinduriaz eta pazientziaz egindakoak, euren fruitua eman eta Amerikari Washtingtongo atentatuak ahaztaraz diezazkioten". Oharrean bere jarraitzaileei Al Kaedak esan die mendekuz egindako erasoek ez dituztela beti espero diren emaitzak ematen.

Bin Ladenen gorpua itsasora bota dute

AEBetako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, herrialde horretako soldaduek uretara bota dute Osama bin Laden Al Kaedako buruaren gorpua. Barack Obama presidenteak bart  —Euskal Herrian 05:45 zirela— jakinarazi du AEBetako soldadu talde batek tiroz hil duela Bin Laden, eta gorpua eraman egin dutela esan du. Soldaduek musulmanen heriotza errituak errespetatu dituztela gaineratu dute, eta gorpua bota duten lekua erromesen helmuga bihur ez dadin, ez dutela jakinaraziko non dagoen. Al Azhar islaman adituak, ordea, esan du gorpua itsasora botatzea sharia-ren aurkakoa dela.

AEBetako segurtasun arduradun batek Reuters albiste agentziari baieztatu dionez, operazioak Bin Laden hiltzea zuen helburu, eta ez atxilotzea. Obamak azaldu duenez, AEBetako armadako talde txiki batek egin du operazioa. Tiroketa baten ostean hil dute. Obamak dioenez, Pakistan iparraldean zegoen hura, Abottabad herrian, eta abuztuan hasi ziren operazioa prestatzen, Pakistango Gobernuaren laguntzarekin. Hilketarekin "justizia" egin dute, Obamak esan duenez, eta, batik bat, 2001eko irailaren 11n Al Kaedak AEBetan egindako atentatuak izan ditu gogoan. Ia hiru mila lagun hil zituzten. "Berriro frogatu da jarritako helburua bete egiten dugula. Hori da gure historia", esan du AEBetako presidenteak.

"AEBetan eta atzerrian zaintzan" jarraituko dute, Obamak azpimarratu duenez, "Al Kaedak guri eraso egin nahian segituko duelako, dudarik gabe". AEBetako eraikin publiko denak "alerta gorenean" daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna