Konstituzionala, idatzitakoaren gatibu

2011ko maiatzaren 5a
10:35
Entzun

(Pello Urzelai)

Hitzak nonbait balio badu Auzitegi Konstituzionalaren epaian izaten da, jurisprudentzia osatzen baitu. Legez kanporatze auzietan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken hitza Iniziatiba Internazionalistaren kasuko epaia da. Orduan, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Europako Parlamenturako Alfonso Sastre zerrendaburu zuen zerrenda, eta Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu zuen Iniziatiba Internazionalista koalizioaren helegitea. Kargu publikoetara iristeko eskubidea urratua izan zela onartu zuen Auzitegi Konstituzionalaren bigarren aretoak. Orduko epaiari jarraituko balio, orain Bilduren eskubideen alde agertu beharko luke.

Duela bi urte, 2009ko maiatzean, bigarren aretoa sei epailek osatzen zuten: Guillermo Jimenez, Vicente Conde, Pascual Sala, Elisa Perez Vera, Eugeni Gay eta Ramon Rodriguez Arribasek. Azken hirurek jarraitzen dute bigarren aretoan. Horiei beste hiru epaile gehitu zaizkie: Luis Ignacio Ortega, Francisco Hernando eta Francisco Perez de los Cobos. Sei epaileetatik Gay, Perez Vera eta Ortega, PSOEren izendapenaren bidez iritsi dira Konstituzionalera, eta beste hirurak PPren eskutik. Hala ere, Rodriguez Arribasek Iniziatiba Internazionalistaren helegitea onartzearen alde egin zuen. Bestalde, ezaguna da Francisco Hernandoren legez kanporatzeen aldeko jarrera, urtetan Goreneko presidente gisa 61eko salako buru izan delako.

Eskubideen aldeko epaia

Iniziatiba Internazionalistaren kasuan, epaia bermezalea da. Iruzurra egiteko asmoa baztertu egiten du, "parte-hartze politikoa murrizteko Konstituzioak exijitzen duen moduan ezin delako iritsi ondorio horretara". Horren haritik, tribunalak ohar argia egin zuen: "Auzitegi Gorenaren autoan egiten diren aipamen orokorrek eraman zezaketen fiskalizazio judiziala ideologia eta konbikzio pertsonalen eremura, erabat debekatuta dagoena hauteskunde prozesu batean eta gure ordenamenduan".

Kutsaduraren aferaren inguruan, irizpide argia ezarri zuen: "Konstituzioaren arabera, ezin da onartu 'eratorritako kutsadura' deiturikoa". Horrez gain, epaiaren arabera, "Auzitegi Gorenak aipatutako zantzuen frogatzeko ahalmen ez nahikoak ezin du justifikatu parte-hartze politikoaren eta norberaren ideologiaren zabaltzearen oinarrizko eskubideen sakrifizioa". Horregatik, indarkeriaren kontrako jarreraren kontrazantzua ez zen beharrezkoa izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.