Mundua

Epaileak behin-behineko espetxealdia erabaki du Strauss-Kahnentzat, bortxaketa saioa eta sexu gehiegikeria leporatuta

Melissa Jackson epaileak ostiralerako beste auzi saio bat jarri du. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria New Yorken atxilotu zuten atzo, hotel batean langile bati jazarri ziolakoan. Akusatuak dio errugabea dela eta bere burua "irmotasunez" defendatuko duela. PSren Frantziako presidentegai izateko hautagai nagusietakoa da Strauss-Kahn.

2011ko maiatzaren 16a
19:07
Entzun

Dominique Strauss-Kahn (Frantzia, 62 urte) Nazioarteko Diru Funtseko presidentearentzat behin-behineko espetxealdia erabaki du gaur arratsaldean Melissa Jackson New Yorkeko epaileak, sexu erasoa egotzita. Strauss-Kahn atzo atzeman zuten, New Yorken, hotel bateko zerbitzari bat ustez bortxatzen saiatu zelakoan, eta gaur —Euskal Herriko— 17:00ak aldera eraman dute epailearengana; ordu eta erdi pasatxora jakinarazi du erabakia Jacksonek. Beste auzi bat jarri du datorren ostiralerako.

Cyrus Vance fiskalak esan du epaileak bortxaketa saioa eta lehen graduko sexu gehiegikeria leporatu dizkiola, eta delitu horiengatik 25 urteko kartzela zigorra jaso dezakeela.

Defentsa abokatuak milioi bat dolarreko bermea eskatu du Strauss-Kahn libre uzteko, baina epaileak atzera bota du eskaera. Akusatuak haren bidez adierazi du errugabea dela eta bere burua "irmotasunez" defendatuko duela.

Frantziara itzultzekoa zela atzeman zuten

Frantziara itzultzeko hegazkinean zegoela atxilotu zuten, eta hiru sexu delituri egin beharko die aurre. Zerbitzariaren lekukotzaren arabera, hoteleko gela hutsik zegoelakoan erasotu zuen. Ihes egin, salaketa jarri eta Polizia hotelera joan zenerako, aireportuan zegoen Strauss-Kahn, itxuraz hotela presaka utzita. 

Atxiloketak eskandalua sortu du. Izan ere, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria izateaz gain, datorren urteko Frantziako hauteskundeetarako presidentetzara aurkezteko hautagaietako bat zen. Alderdi Sozialistaren kide da Strauss-Kahn, eta alderdi horrek hilabete eta erdi barru hasiko du hautagaia aurkezteko prozesua. Le Parisien egunkariaren arabera, alderdi horretako jarraitzaileen %41ek babesten zuen bere hautagaitza. Sexu delitua frogatzen bada, hogei urteko espetxe zigorra bete dezake AEBetan.

Politikan eragiteaz gain, ekonomian ere eragin du. Izan ere Nazioarteko Diru Funtsa Greziaren eta Portugalen erreskateetan parte hartzen ari da. Atzo bertan Strauss-Kahn Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin biltzekoa zen. Frantziako presidentetzara aurkeztekoa zenez, bere hutsunea betetzeko prest zen Nazioarteko Diru Funtsa, baina atxiloketak zenbait erabaki atzeratu egingo ditu oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.