Euskal herria

Benito del Valle hil da, ETAren sortzaileetako bat

Igandean hil zen, Getxon, eta hileta elizkizunak gaur izango dira, 19:00etan, Algortako San Nikolas Barikoaren parroki elizan. Ekonomizlaria zen, eta garai horretan ezagutu zutenek abertzale eta langile amorratua zela nabarmendu dute.

Benito del Valle.
Benito del Valle. BERRIA.INFO

Berria -

2011ko maiatzak 17

Igandean Jose Maria Benito del Valle Larrinaga hil zen, Getxon. 1959an Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi, Julen Madariaga, Jose Manuel Agirre, David Lopez Dorronsoro eta Eneko Irigarairekin batera ETA sortu zutenetako bat izan zen. Hileta elizkizunak gaur izango dira, Getxoko Algorta auzoko San Nikolas Barikoaren parroki elizan. Ekonomialaria zen izatez, eta ezagutu zutenek abertzale eta langile amorratua zela nabarmendu dute.

Ekineko sortzaile izan zen Benito del Valle, 1950eko hamarkadan EAJren barruan izan zen korronteako sortzaile. EGIrekin bat egin ondoren, EAJren zuzendaritzaren jarrera pasiboegia zela salatzen zuen Ekinek, eta Juan Ajuriagerrak bultzatuta, gazte erakundetik eta alderditik kanporatu zuten Benito del Valle 1958an, Ekinen gutun gogor baten ostean.

Hori jakin ostean, Madariagak eta Txillardegik EAJ utzi zuten. EAJko gazte gehienek ere eurekin bat egin zuten, eta hilabete gutxi batzuk geroago sortu zen ETA. "Edozein bileratara etxeko lanak ondo prestatuta etortzen zen, eta beti zekien beste inork baino gehiago, batez ere ekonomiaz", adierazi dio BERRIA.INFOri garai horretan Benito del Valleren kide eta lagun izan zen batek.

Erbestean egon zen, Parisen, Benito del Valle. Frankismotik ihesi lehenik Miarritzen hartu zuen babesa, eta ondoren joan zen Parisera. Hendaiara itzulita, 1982an itzuli zen Hego Euskal Herrira. Bide horretan guztian hainbat enpresa zuzendu zituen, besteak beste puntako teknologia ekarri eta Euskal Herriko enpresarien eskura jarrita.

Ekonomialaria zen izatez Benito del Valle, eta oso ekonomiazalea zen. Branka aldizkarian maiz idatzi zuen, batez ere gai horren inguruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna