Bilduk 315.000 boto inguru jaso ditu udal hauteskundeetan, eta EAJren ostean bigarren indar politikoa da Hego Euskal Herrian

EAJk 2007an baino milaka boto batzuk gehiago jaso ditu, eta koalizioa, milatik gora zinegotzirekin, indartsu sartu da erakundeetan. Nafarroan UPNk irabazi ditu foru hauteskundeak, Araban PPk, Bizkaian EAJk eta Gipuzkoa Bilduk. PSE-EEk behera egin du nabarmen eta Donostian ere ez du irabazi. BERRIA.INFOk hauteskunde gauaren jarraipen berezia egin du, BerriaTBren zuzeneko emankizun eta guzti. Astelehenean BERRIA egunkaria kioskoetan izango da.

2011ko maiatzaren 22a
09:11
Entzun

Udal eta foru hauteskundeetako boto zenbaketaren arabera, Bildu koalizioak ordezkaritza handia jaso du Hego Euskal Herriko udal eta foru erakundeetan. Udaletan 315.000 boto inguru jaso ditu eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan botoa asko jaso ditu, batik bat azken horretan.

EAJk 325.968 boto jaso ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horiei NaBai2011k lortutako 36.262 botoak gehitu beharko litzaieke. Aipagarria da EAJk bakarrik aurkeztu den hiru lurralde horietan 2007an baino 5.000 boto gehiago jaso dituela udal hauteskundeetan. PSE-EEk eta PSNk 227.739 boto jaso dituzte guztira, eta PPk 165.782. UPNk 88.138 boto jaso ditu.

Aralarrek eta Ezke Batuak 2007an baino boto gutxiago

Aralarrek ere NaBai2001ren boto horiek zenbatu beharko lizkieke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batera jaso dituen 32.113 botoei. Ezker Batuak 34.591 lortu ditu hiru herrialde horietan. Beraz, bi alderdi horiek bakoitza bere aldetik orain dela lau urte lortu zituzten botoak baino 20.000 gutxiago jaso dituzte. 2007an 88.000tik gora jaso zituzten elkarrekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hego Euskal Herriko zinegotzi guztiak elkartuta, Bildu litzateke kopuru handiena lortu duena: 1.133. EAJk 861 lortuko lituzke udaletako zenbaketa ia amaituta. PSE-EE-PSNk 473 lortuko lituzke, UPNk 321, PPk 210 eta Aralarrek 108 (NaBai2011ren 70ak gehituta). BERRIA.INFO herrietako emaitzak ari da zuzenean ematen.

Nafarroan UPN nagusi

Datu guzti horiekin, UPNk irabazi ditu hauteskundeak Nafarroan, PPk Araban, EAJk Bizkaian eta Bilduk Gipuzkoan. Nafarroako Parlamentuan, %82 zenbatuta, UPNk 19 parlamentari lortuko lituzke. PSNk bederatzi parlamentari izango lituzke. NaBai2011k zortzi lortuko lituzke, eta Bilduk zazpi. PPri lau parlamentari ematen dizkiote datuek. Ezkerrak hiru izango lituzke. Kontaketa edonola oso motel ari da Nafarroan. UPNk eta PSNk gehiengoa lukete euren parlamentariak batuta.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan %100 zenbatuta ia gehiengo osoa lortu du koalizioak, 22 batzarkideekin. EAJ bi batzarkide galduko lituzke (14), PSE-EEk sei (10), eta PPk bi (4). Aralarrek batzarkide bat izango luke, 2007ko hauteskundeetan Ezker Batuarekin batera sei lortu ostean.

Udaletan jasotako botoetan ere Gipuzkoan Bildu da nagusi, 119.537 botorekin. Emandako botoen %21,03 jaso ditu Bilduk udaletako bozetan. Zinegotzi kopuruari dagokionez, Gipuzkoan dauden 968etatik 441 eskuratu ditu koalizioak. EAJk 187 eskuratu ditu, PSE-EEk 95, Aralarrek 28, PPk 27 Hamaikabatek 12 eta EBk 5.

Arabako Batzar Nagusietan botoen %100 zenbatuta, PP da garaile 16 batzarkiderekin. EAJk 13 batzarkide izango ditu, eta Bilduk, 11. PSE-EE 10 batzarkiderekin geratuko da. Bizkaian botoen %99 zenbatuta, EAJk 22 batzarkide izango lituzke. Bildu bigarren indar politikoa litzateke, 12 ordezkari lortuta. PSE-EEK 9 izango lituzke, eta PPk, zortzi. Ezker Batuak eta Aralarrek, hurrenez hurren 20.000 eta 15.000 botorekin, ez luke ordezkaritzarik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.