kulTURA

Inauguratu dute Balentziaga Museoa

Ia 400 gonbidatu izan dira Getariako ekitaldian. Getariarrak izango dira lehenak bisitatzen, etzi. Museoaren lanek 30 milioi euroko aurrekontua izan dute, hasieran seikoa zuten arren.

Sofia Espainiako erregina eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria gaur, Getarian, Balentziaga Museoaren inaugurazioan.
Sofia Espainiako erregina eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria gaur, Getarian, Balentziaga Museoaren inaugurazioan. / Argazki Press

Berria -

2011ko ekainak 7

Gaur eguerdian inauguratu dute Getarian (Gipuzkoa) Balentziaga Museoa. Bertan izan dira eraikinaren jabe diren erakundeetako ordezkariak —Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusia edota Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Kultura ministroa—, baita beste 375 gonbidatu inguru ere. Besteak beste, Sofia Espainiako erregina. Moda diseinatzaile batzuk ere egon dira: Hubert de Givenchy Balentziaga Fundazioaren sortzailea, Modesto Lomba edota Amaya Arzuaga.

Getariarrak izango dira lehenak museoa bisitatzen; etzi izango dute horretarako aukera. Ostiralean irekiko dituzte ateak gainontzeko bisitarientzat.

Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatzen dute Cristobal Balentziaga Museoa. Egitasmoak 30 milioi euroko aurrekontua izan du —hasieran seikoa zeukan—: Aldundiak %35 jarri du, Jaurlaritzak beste horrenbeste eta Espainiako Gobernuak %30. Udalak lurra ipini du, Aldamar parkean.

Cristobal Balentziaga moda sortzailearen omenezko zentroaren eraikuntza prozesuak hamar urte iraun du, kudeaketan atzemandako irregulartasunen ondorioz.

Maria Jesus Aranburu Aldundiko Kultura diputatuak museoak jostunaren baloreak gordeko dituela zioen lehengo astean: "Zintzotasuna, berrikuntza, dedikazioa eta lanerako seriotasuna dira Balentziagaren ezaugarri nagusiak, museoak aurrerantzean horiek izango ditu oinarrian". Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak esan zuenez, "bi helburu ditu azpiegitura berriak: batetik, Cristobal Balentziaga handia hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du. Bestetik, inspirazio gune izatea nahi dugu, nazioarteko moda honi begira egotea nahi dugu, haren jakinduriatik edatea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna