hauteskundeen ondorena

PSEk ere bere hautagaiak aurkeztuko ditu

EAJrekin akordiorik izan ezean, sozialistek ez dute Gipuzkoan Markel Olanoren alde bozkatuko. PSEk larunbatera arteko epea eman die jeltzaleei hitzarmena lortzeko. Donostia, Errenteria eta Andoaingo udalak nahi dituzte sozialistek. EAJk erabakia du bere hautagaien alde bozkatzea. Bilduk PSEren eta PPren babesa jaso nahi izana egotzi dio EAJri.

Berria -

2011ko ekainak 7

EAJk atzo jakinarazi zuen bere hautagaien alde egingo duela udal eta batzar nagusietan eta PSE-EEk gaur arratsaldean gauza bera esan du: bere hautagaiak aurkeztuko dituela. Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak eman du erabakiaren berri.

Sozialistek "akordio globala" egiteko proposamena egina diete jeltzaleei, baina hauek atzo Batzar Nazionalean erabaki zuten ez dutela Bilduren kontrako fronteetan parte hartuko. 

Akordioa egiteko, Donostia, Errenteria eta Andoaingo udaletan alkategai sozialisten alde egiteko eskatu dio EAJri PSEk. Halakorik ezean, Miguel Buen PSEren diputatugaiak goizean esan du bere alderdiak ez duela Gipuzkoako Diputazioko inbestidura saioan Markel Olano jeltzalearen alde bozkatuko. 

Aipatutako udaletako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeetan Bildu izan zen lehen indarra. Udal haietan bigarren, PSE. Batzar Nagusietan bigarren, EAJ. Larunbatean eratuko dituzte udalak, eta ordura arteko epea eman dio Buenek EAJri.

Halaber, Lasarte-Orian "erasorik" ez egiteko dei egin die jeltzaleei. Azken ezusterik ezean, Bilduk hartuko du Lasarteko alkatetza, EAJrekin eta PCLO plataformarekin akordioa eginda, lehen indarra PSE izan zen arren. 1987tik beti PSE egon da agintean.

Bilduk PSEren eta PPren babesa jaso nahi izana egotzi dio EAJri

Pello Urizar Bilduko kideak esan du euren ustez ahal den botere handiena lortzeko estrategia daukala EAJk, Bilduren kontrako fronteetan parte hartu gabe PSEren eta PPren babesa jaso ahal izateko. Azken bi horiek euskal herritarren erabaki eskubidearen aurka daudela gogoratu du Urizarrek, baina EAJ prest dagoela haien babesa izateko.

Urkullu: "Euskadin zerbait aldatu da"

Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak gaur esan du "argi" daukatela "Euskadin zerbait aldatu" dela eta, ondorioz, "blokeak, fronteak eta itun itxiak iraganekoak dira, atzean utzi behar ditugu". 

Azpimarratu du EAJ izan dela EAEko lehen indar politikoa. "Euskal gizartearen gehiengoaren babesa jaso dugu. Topaketak mantendu ditugu indar politiko guztiekin, eta guztiei azaldu diegu gure egitasmoa eta gobernatzeko ditugun lehentasunak”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna