pilota

Xala: "Finala jokatu nahi dut"

Enpresen Ligak buruz buruko finaletik kanpo utzi izana salatu du pilotariak Irunen emandako prentsaurrekoan. Enpresen Ligak apendizitis ebakuntzagatik laga du finaletik at, baina Xalak dio beste kirolari batzuk bi aste pasatxoan osatu izan direla antzeko gaitzetatik. Ziurtatu du prest legokeela uztailaren 3rako, baina Aspek berretsi du finala ekainaren 19an jokatuko dela. "Ez didate borroka egiten uzten, arrazoirik gabe", esan du Xalak. 

2011ko ekainaren 13a
16:50
Entzun

Oso minduta eta oso emozionatuta azaldu da gaur Irunen Yves Salaberri Xala hedabideen aurrera buruz buruko txapelketako finaleko aferari buruz hitz egiteko, eta gogor salatu du Enpresen Ligak finaletik kanpo utzi izana. Izan ere, Xalaren ustez, apendizitis ebakuntzatik osatzeko ez diote aukerarik eman eta, finala uztailaren 3an balitz, prest legoke jokatzeko. Oraindik, ordea, ez du itxaropena galdua: "Finala jokatu nahi dut", esan du. "Nire eskubidea da eta ez dut barkatuko".

Horretarako, enpresariekin hitz egitea gura du, ea horrela zertara hel daitezkeen ikusteko, "konponbiderik baden jakiteko". "Benetako irabazlea pilota izatea nahi dut. Pilota ez da dirua bakarrik, pilota gauza handia da".

Xalak eta haren medikuak azaldu dute beste kirolari batzuk antzeko ebakuntzetatik hemeretzi egunetan osatu izan direla —hura ekainaren 6an operatu zuten—, eta kasu honetan ere ez legokeela arazorik. Medikuak ziurtatu du osatze lanak "oso bide onean" doazela. Lapurdiko alkate batzuk ere izan dira agerraldian, eta Aspe eta Asegarce enpresen jokabidea salatu dute. 

Xala orain artekoarekin ez dago batere ados, Enpresen Ligak erabakia hartzeko ez duelako ez berekin eta ez medikuaren hitz egin, salatu duenez. "Ez didate borroka egiten uzten, arrazoirik eta frogarik gabe", esan du Xalak. "Nork onar dezake hori?". Idatzi bat leitu du hasieran —gazteleraz—, eta ondoren kazetarien galderak erantzun ditu. Berria TBk zuzenean eman du agerraldia.

Borja Oses Enpresen Ligako epaileak lehengo astean jakinarazi zuen Xalak ez duela jokatuko finala, ez delakoan osatuko apendizitis ebakuntzatik. Epailearen beste aukera Xalari operaziotik ondotik bost eguneko epea ematea zen, honen osasun egoeraren bilakaera ikusteko eta uztailaren 3an jokatzeko moduan izango zen argitzeko. 

Finala ekainaren 19an jokatuko da Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Aspe enpresak hala berretsi du gaur arratsaldean, igande honetan izango dela partida.

Xalaren ordezkoa Oinatz Bengoetxea izango da, enpresen erabakiz. Aimar Olaizola da beste finalista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.