kultura

Donostia, 2016ko Europako kultur hiriburu

17:25ean jakinarazi du erabakia epaimahaiak; kontuan hartu du Donostiak "elkarbizitzarako kultura erabili" behar dela esateak. Juan Karlos Izagirre alkateak esan du "herritarren parte hartzea handitu" egingo dela, eta euskararen garrantzia azpimarratu du. Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza ziren Espainiako Estatuko beste hautagaiak. Guztien "lan bikaina" nabarmendu du epaimahaiak. Wroclaw (Polonia) izango da 2016ko beste kultur hiriburua. Berria TBk zuzenean eman du Madrilgo ekitaldia.

Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua, Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Kultura ministroa, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Jon Albizu zinegotzia

Berria -

2011ko ekainak 28

Donostia izango da 2016ko Europako kultur hiriburu. Hala jakinarazi du 17:25ean epaimahaiak, Madrilen. "Proposamen bikaina aurkeztu zuen, oso ondo zuzendua. Imajinazio ederra erabili dute bi bisitetan", esan du  Manfred Gaulhofer epaimahaiko buruak. 

Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza ziren Espainiako Estatuko beste hautagaiak. "Guztiak ziren oso onak, baina Donostiak zerbait gehiago du. Indarkeriaren kontrako konpromisoa izan da, hain zuzen, bere ezaugarri nagusi bat, eta elkarbizitzarako kultura erabili behar dela esatea", adierazi du Gaulhoferrek.

2016ko beste kultur hiriburua Wroclaw (Polonia) izango da.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, irazbale izan direla jakin osteko hitzaldian, zorionak eman dizkie euren hautagaitzan lanean jardun duten denei, eta "herritarren parte hartzea handitu" egingo dela adierazi du. Euskararen garrantzia azpimarratu du, "gure kulturaren motorra" izan behar duela esanez. Gazteleraz gain, euskaraz ere mintzatu da Izagirre.

Oholtzan izan da, besteak beste, Odon Elorza Donostiako aurreko alkatea. Oso gustura zegoen. "Asko poztu naiz, eta ea orain dena ondo egiten den".

Hilabete hauetan "lan gogorra" egin duela esan du Donostiako hautagaitzak, eta "gustura" agertu da lanarekin. Ordezkaritzako kideek gaur goizean azaldu dutenez, kideen arteko harremana sendotzeko ere balio izan du Madrilgo bueltak. Taldean egon den "giro ona" nabarmendu dute. 

Sei hautagaien "ahalegina" eskertu du epaimahaiak, "lan bikaina egin dutelako. Gainera, oso parte hartze instituzional eta herritar handia izan da. Oso zaila izan da bat hautatzea".

Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Gobernuko Kultura ministroak nabarmendu du "hiri politikan kultura" txertatzea lortu dutela guztiek. "Jarrai dezatela kultur ibilbide horretan".

Juan Alberto Belloch Zaragozako alkate (PSOE) eta Espainiako Barne eta Justizia ministro ohia oso minduta agertu da Donostia hautatu dutelako, "Bilduk gobernatzen duelako han". Rosa Aguilar Espainiako Ingurumen ministroa ere erabakiaren kontra azaldu da; "epaimahaiaren akats handia izan da".

Europako Batasuneko herrialdeetako Kultura ministroen batzordeak 1985etik urtero bi hiri izendatzen ditu kultur hiriburu, "Europako kulturen aberastasuna, dibertsitatea eta izaera azpimarratzeko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna