genero indarkeria

Kartzelan sartu dute Hernanin bikotekidea hil zuen gizona

Udalak ezohiko bilkura egin du arratsaldean, eta hilketa salatu du aho batez. Elkarretaratzea ari dira egiten orain, eta manifestazioan joango dira Rosario Roman hil zuten lekura. Haren alabak ospitalean segitzen du.

Berria.info -

2011ko uztailak 4
Epaileak kartzelara bidali du Rosario Romanen bikotekide ohia, hura hiltzea leporatuta. Igande goizaldean egin zion ustez eraso gizonak emakumeari, Hernanin (Gipuzkoa). Haren alaba ere zaurituta dago. Gaur eguerditik auzitegian izan da gizona, 42 urtekoa, eta epaileak espetxeratu egin du. Hernaniko Udalak osoko bilkura ezohikoa egin du arratsaldean. Agiri bat adostu dute ordezkaritza duten alderdi guztiek. Hartan, elkartasuna azaldu diote familiari, eta iragarri dute udalak eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela hildakoaren senideen esku. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin beharra nabarmendu du Hernaniko Udalak. 19:00etan egin dute Romanen aldeko hileta elizkizuna, herriko elizan. Hura amaituta, kontzentrazioa hasi dute ehunka lagunek plazan. Hainbat eta hainbat herritarrekin batera, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak joan dira elkarretaratzera. Besteak beste, Gipuzkoako Diputazioko ordezkari Ander Rodriguez eta Garbi˝e Errekondo, eta PSE-EEko kide Rafaela Romero. Kontzentrazioa amaitzean, manifestazioan joango dira Rosario Roman hil zuten lekuraino. Ekitaldi bat egingo dute han. Rosario Roman igande goizaldean hil zuen haren bikotekideak, Hernanin, kale erdian, labankadaka. Harekin batera zen alabari ere eraso zion; Donostia Ospitalean dago, eta hobera ari da egiten. Gizona ezkutatu egin zen hilketaren ostean, eta igande bazkalondoan atxilotu zuen Ertzaintzak. Emakumeak behin baino gehiagotan salatu zuen gizona, eraso egiten ziolako. Gaur kontzentrazioak egin dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Poliklinikan (hango langilea zen hildako andrea). Biharko ere protestak antolatu ditu Emakumeen Mundu Martxako Plataformak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna