Kukutza Gaztetxea

Errekaldeko bizilagunek Kukutza lekuz aldatzeko Udalaren proposamena atzera bota dute

Udalari Kukutzan jarraitu ahal izateko alokairu bat ordaintzea proposatu diote. Auzokideak "tematuta" daudela esan du Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziak.

Berria -

2011ko irailak 16

Bilboko Errekalde auzoko bizilagunen elkarteak atzera bota du Udalak Kukutza Gaztetxea beste norabaitera lekuz aldatzeko egin duen proposamena. Auzo elkartea Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziarekin bildu da gaur, eta esan diote ez daudela prest Kukutza beste inora eramateko.

Bizilagunek Udalari alokairu bat ordaintzea proposatu diote, Kukutzak gaur egun dagoen lekuan jarraitu ahal izan dezan. "Ez dago gaur egungo eraikina ez den beste aukerarik. Ez dugu trukerik onartuko. Kukutzari eutsi egin behar zaio", esan du Igor Ahedo Errekalde auzoko bizilagunen elkarteko bozeramailteak.

Barkalak auzokideei esan die ez dutela legezkoa ez den ezer egingo. Bi aldeak biltzen jarraitzeko asmoa azaldu dute konponbide bat aurkitzeko, baina Barkalak esan du "oso zaila" dela aurrera egitea auzokideak "tematuta" daudelako.

Kukutza dagoen eraikina Cabisa enpresarena da, eta Ertzaintzak aste honetan jaso du Gaztetxea husteko agindua. Asteartean hainbat lagunek gaua pasa zuten Kukutzan, eta asteazkenean eta ostegunean, hurrenez hurren, Zea Mays eta Anje Duhaldek jo dute.

Asteazkenean, gainera, hainbat gazte Bilboko udaletxean sartu ziren Iñaki Azkunarekin biltzeko asmoz, baina horrek bilera ukatu zien. Barkalak gaur esan du Udalaren esku hartzea auzi honetan amaitu dela, jabetza pribatua duelako eraikinak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna