Albistea entzun

euskal herria

Gipuzkoako Aldundia ez da Basque Culinary Centerren inauguraziora joango, Espainiako printzea izango delako

Foru gobernuak dio "herri honen ukazioaren sinboloa" dela hura, "eta gipuzkoar asko minduta sentituko lirateke Diputazioak inaugurazioan harekin parte hartuko balu".

Berria -

2011ko irailak 20

Gipuzkoako Foru Aldundia ez da datorren astelehenean Donostian Basque Culinary Centerren inaugurazioan izango, Espainiako printze-printzesak izango direlako ekitaldian eta haiek "herri honen ukazioaren sinbolo" direlako, Larraitz Ugarte foru gobernuko bozeramaileak gaur esan duenez.

Diputatuen Kontseiluak hartu du ekitaldira ez joateko erabakia, gaur. "Gipuzkoar asko minduta sentituko lirateke Diputazioak inaugurazio horretan Espainiako printze-printzesekin batera parte hartuko balu. Zoritxarrez, ez gara joango", adierazi du Ugartek.

Atzo Martin Garitano ahaldun nagusiak Radio Euskadin zioen ongi-etorria egingo liokeela Espainiako printzeari, "borondate eta errespetuarekin baletor". Gaur Ugartek esan du Garitanoren hitzak "intentzio txarrez manipulatu" zituztela atzo.

Aldundiak Basque Culinary Center babesten duela azaldu du bozeramaileak, "herri honentzat zentro estrategikoa baita". Admininistrazio Kontseiluko kidea da Diputazioa, eta Ugartek argitu du Espainiako errege etxeari aurreko kontseiluak egin ziola inauguraziora etortzeko gonbitea.

Legealdi honetan Bildu dago Gipuzkoako foru gobernuan. Aurrekoan, EAJ eta Hamaikabat.

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.