espainiako hauteskundeak

'Geroa Bai' izena du Zabaltzen eta Nafarroako EAJren koalizioak

Uxue Barkos izango da zerrendaburua. Kongresura "Nafarroa anitzaren eta ezkertiarraren ahots propioa" eraman nahi dute. Amaiurren aldean "programa desberdina" dutela diote, baina ez dutela nahi harekin "konfrontaziorik". "Etorkizuneko proiektua da hau".

Koldo Martinez, Uxue Barkos eta Manu Aierdi gaur, Iruñean.
Koldo Martinez, Uxue Barkos eta Manu Aierdi gaur, Iruñean. / Ińigo Uriz/Argazki Press

Joxerra Senar (Iruñea) -

2011ko irailak 30

Zabaltzen, Nafarroako EAJ eta Atarrabia Taldearen Espainiako hauteskundeetarako koalizioak badu izena: Geroa Bai. Gaur goizean jakinarazi dute, Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Uxue Barkos Zabaltzeneko kidea izango da Geroa Bairen zerrendaburua. Legealdi honetan Kongresuan diputatua izan da hura, Nafarroa Baitik, eta berriro aulkia lortzea "zaila" izango dela airtortu badu ere, diputatu bat erdiesteko xedea dutela esan du. Iruñeko zinegotzi izaten segituko duela ere adierazi du Barkosek (NaBaitik da), "proiektu berak baitira".

Geroa Baiko zerrenda osatzear dutela iragarri dute agerraldian, eta dena osatutakoan emango dituzte izen denak.

Aralar NaBaiko kideak ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin azaroaren 20ko Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozetarako koalizioa —Amaiur— sortzea erabaki zuela-eta Zabaltzen plataforma eratu zuten duela aste batzuk NaBaiko independenteek. Ezin izan diote, ordea, 'Nafarroa Bai' markari eutsi, Aralarrek erregistratua baitu. 2008ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan NaBaik 62.398 boto lortu zituen —herrialdeko bigarren indarra izan zen; aurrena UPN, 131.618 boto—.

Kongresura "Nafarroa anitzaren eta ezkertiarraren ahots propioa" eramateko asmoz eratu dute Geroa Bai, Barkosek adierazi duenez. Amaiurren aldean "programa desberdina" da Zabaltzen eta EAJren koalizioa, baina harekin "konfrontaziorik" ez dutela nahi azaldu dute.

"Etorkizuneko proiektua da hau", esan dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna