azpiegiturak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak AHTaren eta Pasaiako kanpo kaiaren alde azaldu dira

EAJ, PSE eta PPk egin dute bi egitasmoen alde. Bildu eta Aralar ez dira ados agertu.

Berria -

2011ko urriak 5

EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin, Gipuzkoako Batzar Nagusiak AHTaren eta Pasaiako kanpo kaiaren proiektuen alde azaldu dira gaur. Bildu (22 batzarkide; Bildu dago foru gobernuan) eta Aralar (1) ez dira haien mozioen alde agertu, baina gutxiengo dira (EAJk 14, PSEk 10, PPk 4).

Hiru alderdiok Foru Aldundiari eskatu diote abiadura handiko trenaren egitasmoa garatzen eta eraikitzen lagundu dezala, eta Donostiak Atotxan AHTaren geltokia izateko lan egiteko.

Bilduk eta Aralarrek "tren soziala" aldarrikatu dute, "Gipuzkoako eskualde denak lotzeko". Jaurlaritzari galdegin diote "optimizatu" dezala tren azpiegitura. 

Pasaiako kanpo portuari dagokionez, Diputazioak haren aldeko "erabateko konpromisoa" izan beharko lukeela esan dute EAJk, PSEk eta PPk. "Horrela, Pasaiako badia erabat berritzeko eta portuko jarduera ekonomikoari eusteko aukera legoke". Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak udaberrian sinatutako protokoloa izenpetzeko eskatu diote Aldundiari.

Bilduk eta Aralarrek azaldu dute badiaren berreskurapena eta kanpo kaia ez direla lotu behar. Kanpoko portua ekonomikoki bideraezina dela iruditzen zaie eta ingurumen aldetik konpondu ezineko kalteak sortuko lituzkeela. 

Bilkuraren ondoren Markel Olano EAJko batzarkideak esan du Bildu "bakarrik" dagoela Batzar Nagusietan, eta "gipuzkoar gehienen proiektuak" ez eragozteko eskatu dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna