teknologia

Steve Jobs hil da, Appleren sortzailea

Minbizia zeukan. Enpresaren Macintoshak, iMacak, iPodak, iTunes, iPhoneak, iPadak eta aplikazioen dendak erreferentzia bihurtu dira. "Mundua hobea da Jobsen lanagatik", esan du Applek.

2011ko urriaren 6a
20:43
Entzun

Steve Jobs (Kalifornia, AEB, 1955), Apple informatika etxearen sortzailea hil da bart, minbiziak jota. 1976an sortu zuen Apple enpresa, herritarrak informatikara hurbiltzeko asmoz, eta komunikazioaren eta teknologia berrien arlora berrikuntza handietakoak ekarri ditu azken urteetan.

Macintosh sistema asmatu zuen Jobsek 1984an, eta azkenaldian iPod (2001), iPhone (2007) edota iPad (2010) sortu izan ditu azkenaldian Applek. Hain zuzen, enpresak atzo aurkeztu zuen Iphoneren azken bertsioa: 4S. Appleren Macintoshak, iMacak, iPodak, iTunes, iPhoneak, iPadak eta aplikazioen dendak erreferentzia bihurtu dira. Gailuak, sistema eragileak eta gailuen erabilerraztasuna, horien izan dira enpresaren ikur. "Mundua hobea da haren lanagatik", esan du Applek.

Jobsek pankreaseko minbizia gainditu zuen 2004an, baina berriro gaixotu zen urte batzuetara eta 2009ko urtarrilean jakinarazi zuen aldi baterako erretiratu egingo zela. Urte hartako ekainean itzuli zen, gibela transplantatu ondotik, baina aurtengo urtarrilean berriro utzi zuen. Abuztuan laga egin zion Appleko kontseilari ordezkari izateari —Tim Cook operazioen burua izendatu zuten ordezko—; Jobsek, ordea, ez zuen utzi administrazio kontseiluko presidente postua.

Amets amerikarraren adibide nagusietakoa izan da: Steve Wozniakek eta biek, oso gazte zirela, 1976an garaje batean sortutako ordenagailu negozioa munduko enpresa teknologiko garrantzitsuena bihurtu da Apple, diseinuaren eta modernitatearen ikur, eta burtsan balio gehien duen munduko bigarren enpresa, Exxon petrolio konpainiaren atzetik.

Jobs 1985ean bidali egin zuten berak sortu zuen enpresatik, arduradunekin zituen gatazkengatik. 1997an itzuli zen, enpresa hondoa jota zegoenean, berpizteko. 1997an Applera itzuli zenean akzioek bederatzi dolar balio zuten; duela hilabete pasatxo, 376. Proportzioan publizitatean diru gutxien gastatuta oihartzun mediatiko handiena lortzen duen enpresa da. 

Obama eta Gates

Barack Obama AEBetako Gobernuko presidenteak esan du "munduaren etorkizuna ikusteko gaitasuna" izan zuela Jobsek.

Bill Gates Microsoft-eko sortzaile eta presidenteak adierazi du Jobsen eragina "belaunaldi batzuetan" igarriko dela. "Duela 30en bat urte ezagutu genuen elkar. Lagunak eta lehiakideak izan gara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.