Jimmy Carter, Tony Blair eta George Mitchellek atxikimendua agertu diote nazioarteko konferentziako ebazpenari

AEBetako presidente izandakoak, Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta AEBetako senatari ohiak adierazpenak plazaratu dituzte. Elkarrizketa zabaltzeko eta aukera baliatzeko eskatu dute.

Berria -

2011ko urriak 19

Lokarri herritar sareak jakinarazi duenez, Jimmy Carter AEBetako presidente izandakoak, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta George Mitchell AEBetako senatari ohiak atxikimendua eman diote astelehenean Donostian Nazioarteko Konferentzian sei buruzagik ateratako ebazpenari, bakoitzak bere adierazpena eginda. 18:15ak aldera jakinarazi du berria Lokarrik.

Herritar sareak dioenez, Carterrek esan du bat egin duela "munduko buruzagi ohi batzuek Espainiako euskal erregioan" egin zuten adierazpenarekin. "ETAren, Espainiaren eta Frantziaren artean elkarrizketa gauzatzeko eta erregioak aspaldidanik pairatzen duen gatazkari amaiera" jartzeko dei egin du AEBetako gobernuburu ohiaren idatziak. "Ahalegin honek merezi du nazioarteko komunitatearen ahalegina".

Blairren adierazpena bere bulegoko eledun batek helarazi du: “Tony Blairrek sostengu irmoa eman dio
Donostian buruzagiek jakitera emandako ebazpenari, zeinetan jarduera armatua betiko uzteko eskatzen zaion
ETAri. Europako azken gatazka armatuari amaiera emateko aukera-leiho bat dagoela uste du eta aukera hau
baliatzera deitu ditu buruzagi politiko guztiak”.

Mitchell: "Nire erabateko sostengua erakusten diot atzo Donostian nazioarteko buruek jakitera emandako ebazpenari. Garrantzitsua da ahal diren neurri guztiak hartzea Europako azken konfrontazio armatuaren amaiera
gauzatzeko. Bat egiten dut jarduera armatu ororen amaiera publikoki iragartzeko eta gatazkaren ondorioei
heltzea xede Espainiako eta Frantziako gobernuekin elkarrizketak bilatzeko ETAri egindako
eskaerarekin. Bake iraunkorra lortzeko aukera bat dagoela uste dut eta interesa dutenek aukera hau balitu
beharko lukete”.

Soslaiak

Carter (AEB, 1924), 1977-1981ean izan zen Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko presidente. 2002an Bakearen Nobel saria jaso zuen, nazioarteko gatazka politikoak konpontzeko egindako saioengatik.

Blair (Eskozia, 1953), 1997-2007 artean izan zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta Ipar Irlandako bake akordioan parte hartze zuzena eduki zuen. Gaur egun Ekialde Hurbileko bake prozesuan dabil lanean.

Mitchell (AEB, 1933), 1980etik 1995era izan zen bere herrialdeko senatari. Barack Obama AEBetako Gobernuaren ordezkaria da Ekialde Hurbilean.

Kofi Anann, Gro Harlem, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powellen ebazpena

Bakearen Etxean izan zen Nazioarteko Konferentzia, eta Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak euren ebazpena irakurri zuten amaieran.

ETAri dei egiten zioten "jarduera armatuaren behin betiko amaiera" iragartzeko eta, horren ondoren, Frantziari eta Espainiari "gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko". Halaber, eragile politikoei ere dei egin zieten: gai politikoei buruz hitz egin dezatela, eta lor ditzaketen emaitzei buruz herritarrei galdetu diezaietela.

Euskal Herriko eragile askok hartu zuten parte konferentzian. Tartean, PSE-EEk, eta PS, UMP eta Modemeko ordezkariek.

Konferentziaren sustatzaileak

Lehengo astean aurkeztu zuten Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Berghof FoundationConciliation ResourcesThe Desmond and Leah Tutu Legacy FoundationHarremanetarako Nazioarteko Taldea (Euskal Herria) eta Lokarri.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna